Egun espainiar zein frantziar espetxeetan dauden 270 euskal presoetatik 22k gaixotasun larriak dituztela azpimarratu eta haien osasun eskubidea aldarrikatzeko agerraldia egin du Sarek Donostian.
Kasu konkretu bat salatu nahi izan dute: Jagoba Codo Amarako bizilagunarena. 54 urte ditu eta espondilitis ankilosante deritzon gaitz degeneratibo eta kronikoa dauka, bizkarrean, lepoan, aldaka eta orpoetan «mina eta zurruntasun handia» eragiten dizkiona.
Egoera larrienetan bizkarreko hezurrak «itsasi eta fusionatu» daitezkeela ohartarazi dute Sareko kideek.
2001etik dago Codo espetxean eta dagoeneko 22 urteko zigorrraren hiru laurdenak beteta ditu.
«Espetxean ez diote behar duen jarraipena egiten eta ez da tratamendu egokirik jasotzen ari», adierazi du Sarek.
Gaitza arintzeko atseden eta elikadura egokiaz gain mugikortasunerako eta mina arintzeko profesionalen laguntza behar lituzke, baina espetxeak horiek «urratu» egiten zaizkio.
«Espetxeak bere sintomak areagotu egiten dizkio», nabarmendu dute.
Hori dela-eta, Jagoba Codoren etxeratzea eskatu dute, «behar duen tratamendua jasotzeko eta bizi baldintza duinak izateko».