NAIZ
BILBO

Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador arituko dira Plateruenan, Azokan

Plateruena kontzertu handien plaza izango da abenduaren 5etik 9ra arte, Durangoko Azokaren 53. edizioaren baitan, Landako eta gainontzeko guneetako ateak itxi ostean, kulturaz eta giroaz gozatzeko aukera izango da bertan. Aurten Plateruenak bost kontzertu proposatu ditu: Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador.

Huntzak abenduaren 5ean joko du Plateruenan. (Jon URBE/FOKU)
Huntzak abenduaren 5ean joko du Plateruenan. (Jon URBE/FOKU)

Gerediaga Elkarteak jakinarazi duenez, Plateruenako egitaraua abenduaren 5ean hasiko da, Ikasle Egunean, Huntza taldearekin. Udan Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere kontzertu ugari eskaini eta gero, talde gipuzkoarra disko berria grabatzen ari da, eta prest izango du Durangoko Azokarako. 23.00etan hasiko da emanaldia.

Bigarren egunean, abenduaren 6an, 23.00etan, euskal musikaren izen handienetako baten txanda helduko da: Esne Beltza. Xabi Solanok gidatzen duen taldea disko berria grabatzen ari da Mark Dasousa ekoizle valentziarrarekin (Zoo, Smoking Souls, Aspencat). ‘Itsumutugor’ birarekin Euskal Herrian eta Katalunian ibili dira udan, eta Azokan zuzenekoa eskainiko dute disko berria aurkezteko.

Abenduaren 7an Modus Operandi talde berriaren kontzertua izango da, 23.00etan. Talde berria den arren, taldekideak ibilbide luzekoak dira. Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariaren proiektu berriak Lauroba eta Vendetta taldeetako musikariak batu ditu, ska musika eta fusioa lantzeko.

Hurrengo egunean Anestesia igoko da Plateruenako eszenatokira. 25 urte bete dira talde zarauztarrak ‘Gorrotoaren ahotsa’ diskoa grabatu zuenetik eta urtemuga ospatzeko biniloa argitaratu du, jatorrizko diskoaren hainbat moldaketekin. Kontzertua 23.00etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko eros daitezke www.plateruena.eus webgunean (aldez aurretik 10 euroko prezioan, bertan 12 euro).

Azkenik, 53. Durangoko Azoka amaitzeko proposamen «lasai eta intimoagoa» izango da abenduaren 9an Plateruenan. Olatz Salvadorrek ‘Zintzilik’ bere lehenengo diskoa aurkeztuko du Durangon, 20.00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da.

Huntza, Esne Beltza eta Modus Operandi taldeen kontzertuetako sarrerak aurrerago egongo dira salgai.