Aimar ETXEBERRIA
Glasgow

Itxaropen printza, demokrazian

Testuinguru europarrean kokatutako autodeterminazio eskubidea oinarri, Kataluniako eta Eskoziako independentismoa izan zuten atzo hizpide Pere Aragones eta Lorena Lopez de Lacallek, SNP alderdia Glasgown egiten ari den kurtso hasierako konferentzian. Nazioarteak eskubide hori bermatzeko betebeharra duela azpimarratu zuten, eta hautabide independentistak kontinentean zilegitasuna irabazte aldera, demokraziaz hitz egitea aldarrikatu zuten.

«Hope» –itxaropena, esperantza– handi batek agurtzen du egunotan Glasgow Exhibition Centre-ra gerturatzen den bisitaria. Hope da SNP alderdiak kurtso politiko hasierako konferentziari ezarri dion abizena eta hope horretan oinarritu zuten hitzaldia Lorena Lopez de Lacalle EAren Nazioarteko Politikako arduradun eta Europako Aliantza Askeko lehendakariordeak eta Pere Aragones Generalitateko lehendakariordeak, Ian Hudghton SNPko lehendakariaren gidaritzapean.

Autodeterminazio eskubidea izan zuten hizpide –self determination–, europar zein kataluniar testuinguruan. Tartean, izan zen euskal aferari eginiko aipamenik ere, baina agerian geratu zen kontua nazioarteko agendatik kanpo dagoela. Hudghtonek, bere aldetik, moderatzaile lanak baino ez zituen egin; Nicola Sturgeon lehen ministro eskoziarrak alderdiko jarraitzaileen aurrean konferentzia ixteko gaur egingo duen mintzaldirako utzi zuen kontua.

XXI. mendeko nazioarteko legedian autodeterminazio eskubideak jokatzen duen paperean oinarritu zuen bere hitz-hartzea Lopez de Lacallek, ondoren etorriko ziren Aragonesen adierazpenak testuinguruan jartzeko. Besteak beste, nazioarteko ordena demokratikoa mantentzeko funtsezko piezatzat jo zuen eskubide hori, horren gauzatzeak gatazkak saihestu ditzakeela adierazteraino. Hori horrela, nazioarteko komunitateak bermatu beharreko eskubidea dela aldarrikatu zuen.

Zentzu horretan, XXI. mendean autodeterminazio eskubidea gauzatzeko oinarrizko baldintzak berrikusi beharra dagoela azaldu zuen, gaineratuz Europar Batasunak behar lukeela hartu saiakera horren lidergoa. Hala, gatazkak saihesteko eta demokrazia osasuntsuak eraikitzeko tresnatzat aldarrikatu zuen XXI. mendeko autodeterminazio eskubidea.

Independentziaren alde diharduten nazioek jarraitu beharreko patroi proposamena ere egin zuen Lopez de Lacallek. Haren esanetan, demokraziak behar luke nazio horien «bandera» izan, bakearekin eta eskubide zibilekin batera. Hauek, elkarrizketa eta negoziaketa bidez soilik erdiestea proposatu zuen. Bestalde, indarrak batzearen aldeko deia egin zuen, barrura zein kanpora begira, hirugarrenak hautabide independentistara erakartzeko. Bide horretan gobernuen eta gizarte zibilaren artean zubiak eraikitzearen garrantzia nabarmendu zuen, eta zientzia eta kultura prozesuaren erdigunera eramatearen alde agertu zen: «Kultura da gizartea errotik eraldatzeko arma eraginkorrena». Azkenik, denboraren kontrola euren gain hartzeko gomendioa egin zien independentziaren aldeko jardunean diharduten nazioei.

«Imagine if...»

Eduki politiko gutxiagoko hitzaldia egin zuen Aragonesek, iragan urteko urriaren 1eko erreferendumean eta haren ondorio errepresiboetan zentratu baitzen gehienbat. «Imagine» eskatu zion publikoari, «imajinatu Gobernu eskoziarra espetxeratua dela erreferendum bat antolatzeagatik, edo ehunka alkate errepresiopean direla hau babesteagatik, edota iragan larunbateko manifestazioaren antolatzaileak espetxeratzen dituztela. Hori da Katalunian gertatzen ari dena».

Azken urteko gurpil errepresiboaren errepasoa egin zuen Aragonesek, baina utzi zituen etorkizunera begirako perla batzuk ere. Nazioarteko komunitatearengan jarri zuen fokua, honen aurrean zilegitasuna irabaztean hain zuzen. Horretarako, demokraziaz eztabaidatzea proposatu zuen, independentziaz baino. «Prozesuari eman behar diogu garrantzia, ez azken emaitzari». Eta gobernu europarrei baino hiritarrei hitz egitearen alde agertu zen, «gobernuak gizartearen ispilu baino ez dira eta».

Adierazi zuen ez dutela espainiar, frantziar edo italiarrak baino hobeak izan nahi; «hauek dituzten aukera berak izatea baino ez dugu eskatzen. Danimarkarrak edota suediarrak bezain interdependiente izan nahi dugu mundu globalizatu honetan; zaharkitua geratu da iraganeko nazio-estatuen ideia». Voltaire parafraseatuz amaitu zuen mintzaldia: «Eskoziara begiratzen dugu demokraziaz ditugun ideia guztientzat».

 

Adierazpenak

«Danimarkarrak edota suediarrak bezain interdependiente izan nahi dugu mundu globalizatu honetan; zaharkitua geratu da iraganeko nazio-estatuen ideia»

PERE ARAGONES

Esquerra

 

«Autodeterminazio eskubidea gauzatzeko baldintzak birpentsatu behar dira, gatazkak saihestu eta demokrazia osasuntsuak eraikitzeko balio dezan»

LOPEZ DE LACALLE

EA