naiz

Retegik bigarren aukera ongi baliatu eta lehen puntua eskuratu du Elezkano gaindituta (22-19)

Julen Retegik final laurdenetako ligaxkako lehen puntua poltsikoratu du. Nafarrak Danel Elezkano gainditu du, 22-19, buelta ugari izan dituen partida on eta gogor baten ostean.

Duela astebete Lau eta Erdiko txapelketatik kanpo zegoen Julen Retegi, Victorren kontra galdu eta gero. Gaur, aldiz, urrats bat eman du finalerdietan sartzeko. Erik Jakaren lesioa dela-eta, galdu zutenen artean tanto gehien egin zituen pilotaria izanik, bera sartu da final-laurdenetako ligaxkan eta ongi baliatu du aukera, Danel Elezkanori 22-19 irabazita.

Aurrelari bizkaitarra oso ongi sartu da partidan, jokoaren pisua beregain hartuz eta Retegi frontoian mugituz. Errematean beti bezain fin ibili da Zaratamoko pelotaria eta hala 0-5 aurreratu da. Julen tantoak luzatzen hasi da, peloteoa behartuz eta markagailua irauliz (7-6). Lehen atsedenaldirako, baina, berriz ere hartu du aurrea Elezkanok sake-errematea baliatuz.

Modu horretan ireki du partidako alderik handiena (10-16), eta bazirudien partida berea izanen zela. Retegik, baina, ez du etsi eta boleaz egindako dejada batekin sakea berreskuratu du. Gaur ere arazo handiak izan ditu sakearekin asmatzeko eta deseroso agertu da, baina pelotean berriz ere nagusitzea lortu du eta txapa gaineko bi, dejada bat eta Elezkanoren huts batek bizia eman diote.

Bigarren eta atsedenaldira, hala ere, errentaz iritsi da bizkaitarra, frontoiaren luze eta zabal guztia bi tantotan ederki baliatuz. Retegik lanean jarraitu du eta aurkaria mugitzen hasi da eta tantoak amaitzen asmatu du azken txanpan bi pareta eta airezko erremateak eginez markagailua iraultzeko (18-19).

Oraindik beste behin berdindu du Elezkanok (19-19) gantxo on batekin, baina hortik amaierarako tanto guztiak gorri izan dira, garaipena Retegiri emanez.