NAIZ

Hamabi ahots, aldarri bakarra

«Europako auzitegi ezberdinetatik etorri zaizkigun aginduak eta betebeharrak betetzeko garaia bada»

 

Xabier EZEIZABARRENA

EAJ-PNV

«Gure aldetik azpimarratuko genukeena giza eskubideekiko konpromisoa da, eta, hain zuzen ere, hainbat eta hainbat alditan etorri zaizkigun aginduak eta betebeharrak Europako auzitegi ezberdinetik. Konpromisoa bururaino eraman behar dugu denon artean, bada garaia hain zuzen ere araudi horiek eta giza eskubideei buruzko doktrina guztiak babesteko eta betearazteko eta horregatik gaude manifestazio honetan».

 

«Preso politikorik, deportaturik eta iheslari politikorik gabeko herria izateko eskubidea du herri honek»

Arnaldo OTEGI

EH Bildu

«Beste behin ere, herri honek Donostian ozen eta garbi aldarrikatu du, leloak esaten duen bezala, orain presoen aferari konponketa eman behar zaiola. Horretara etorri gara Donostiara. Manifestazio anitz bat da hau, sindikalismo guztia hemen dago eta herritar anitz hemen gaude elkarrekin aldarrikapen honetan. ETAk borroka armatua utzi zuenetik zazpi urte betetzen direnean, gatazkaren ondorioak soluziobidean jartzeko garaia da. Guk argi eta garbi esan nahi diogu espainiar Gobernuari afera ez dela ika-mika antzuetan sartzea, baizik eta herri honek baduela eskubidea preso politikorik gabeko, deportaturik gabeko eta iheslari politikorik gabeko herri normalizatu bat izateko. Espainiar Gobernuak entzun egin behar du herri honek esaten duena eta errespetatu behar du herri honek eskatzen duena».

 

«Pertsona guztiek dute duintasunez tratatuak izateko eskubidea; hemen elkarbizitzaz eta duintasunaz ari gara»

Andeka LARREA

Elkarrekin Podemos

«Gaurko ekitaldian elkarbizitzaz eta duintasunari buruz hitz egiten aritu gara. Izan ere, pertsona guztiek dute duintasunez tratatuak izateko eskubidea, eta horrek suposatzen du familietatik gertu egoteko eskubidea dutela, eta gaixorik direnean tratu justua izateko eskubidea dutela. Zentzu horretan, azpimarratu nahi dugu gure ikuskera zabala giza eskubideetan ipintzen dugula».

 

«Gaur egun handia da, eragile politikoek eta sindikatuek ere gizarteak eskatzen duenarekin bat egiten dutelako»

Urtzi ERRAZKIN

Etxerat

«Nahiz eta gure senideen egoera oraindik ere ez den batere aldatu, gaur egun handia da. Eragile politiko eta sindikatuek ere bat egiten dute gizarteak eskatzen duenarekin eta hemendik luzatu nahi dugun mezua da ea Madril lehenbailehen pausoak ematen hasten den. Denok iritsi nahi dugun helmuga horretara iritsi ahal izatea espero dugu eta horregatik entzunarazi behar diegu aldarrikapena».

 

«Atzera begiratzen dugunean, momentu baikorragorik ez dugula ezagutu egiaztatzen dugu; horregatik, hau da unea»

Ines OSINAGA

Musikaria

«Emozio piloa dago hemen, eta era berean bi emozio oso kontrajarri: ilusioa eta nekea. Orain gauden momentuan gaudela, ona ala txarra izan, atzera begiratzen dugunean momentu baikorragorik ez dugula ezagutu egiaztatzen dugu, eta horregatik hau gure momentua da, indar piloa daukagu eta, nahiz eta nekatuta gauden, jarraituko dugu oihukatzen: orain presoak etxean».

 

«Lagun bat baino gehiago ikusi dugu negarrez eta txaloka. Orain ikusiko dugu ea zertarako balio duen gaurtik aurrera»

Miren AMURIZA

Bertsolaria

«Gaur Donostiako kaleetan barrena 40.000 pertsona bildu gara, eta nire ustez pozik egoteko kopurua da hori. Bidean ari ginela gure artean komentatu duguna hauxe zen: mobilizazioan indarra nabaritu egiten zela, eta hunkigarria izan dela mobilizazioa. Lagun bat baino gehiago ikusi dugu negarrez, negarrez eta txaloka. Orain ikusiko dugu ea zertarako balio duen gaurtik aurrera».

 

«Banantzen gaituzten gauzak kontuan izan beharrean, batzen gaituztenak hartuko ditugu kontuan»

Sara MAJARENAS

Preso ohia

«Niretzat ohorea izan da horrelako ekitaldi aitzindarian parte hartu ahal izatea, horrelako zabaltasuna adierazten duen mobilizazioan, alegia. Elkarbizitzak batzen gaitu, bakean eraikitako Euskal Herri bat eraiki nahi dugu, kontziente izanda asko sufritu dugun historia daukagula gainean baina banantzen gaituzten gauzak kontuan izan beharrean batzen gaituztenak kontuan hartuko ditugula».

 

«Aldarrikapen honetan gero eta kolore gehiago baldin bada, geure ahotsa ere gero eta gehiago zabalduko da»

Garazi HACH EMBAREK

Saharar militantea

«Bada garai denok, pentsamolde oso ezberdinak izanda ere, gai honi denbora pixka bat emateko eta arazo honekin denbora asko pasa dela konturatzeko, bai eta eskubide asko zapaldu direla ere. Aldarrikapen honetan gero eta kolore gehiago bada, geure ahotsa gero eta gehiago zabalduko da. Eskubide horiek errespetatzea nolabait gizarte osoak eskatzen duela azaleratu behar dugu era honetan».

 

«Guretzat giza eskubideak urratzeari utz diezaiotela ezinbestekoa da egoera behingoz normaldu dadin»

Nagore ITURRIOTZ

Steilas

«Steilasen ustez, argi dago bizikidetza ahalbidetzeko guztiz ezinbestekoa dela presoen egoera normaltasun egoera batera eramatea. Argi dago, aldi berean, giza eskubideak urratzen direla gehienbat gaixo diren presoen kasuan, bai eta beraien familiengandik urrunduta dauden kasu guztietan ere. Guretzat giza eskubideak urratzeari utz diezaiotela ezinbestekoa da egoera behingoz normaldu dadin».

 

«Gauzak aldatzen baziren pausoak izango zirela esan zuten, baina ez dago pausorik. Nahi dutenean gauzak egin ditzakete»

Adolfo «Txiki» MUÑOZ

ELA

«Hemen gaude haserre gaudelako. Oso haserre gaude Espainiako Gobernuarekin eta Frantziako Gobernuarekin. Gauzak gure herrian aldatu dira, eta beraiek esan zuten gauzak aldatzen baziren pausoak emango zituztela, baina ez dago pausorik. Nahi dutenean gauzak egin ditzakete. PSOEk espetxe politika mugitzen ez badu, Espainiako eskuin muturrak hartuko du bere gain kontrol guztia».

 

«Espetxe politika honekin amaitzeko esparru sindikalean ematen ari den kontsentsua azpimarratu nahi dut»

Garbiñe ARANBURU

LAB

«Dinamika honekin bat egin dugu pentsatzen dugulako Estatuaren jarrera aldatzeko giltza gizartearen mobilizazioa dela, garrantzizkoa dela. Une honetan giza eskubideen alorrean ematen ari den urraketa nabarmenena euskal preso politikoekiko ezartzen den urraketa da, elkarbizitza demokratiko bat eraiki ahal izateko oztopo nagusia ere hauxe da, eta horregatik PSOEren jarrera salatzea dagokigu. Mugimendu txikiren bat eman izan badu ere, presoen gaia konponbidean jartzeko inolako borondaterik ez du erakusten. Urrats batzuk egitea ezinbestekoa da, denboran gehiago luzatu gabe, eta horien artean hiru neurri aipatu nahi genituzke: preso gaixoak etxeratzea, dispertsio politikarekin amaitzea eta gaur egungo graduen sistemarekin bukatzea. Preso politikoen gehiengo handia, %96, lehen graduan dago, eta sistematikoki ukatzen ari zaie gradu aldaketaren eskaera. Balioan jarri nahi dut hemen elkartu garen eragileen kopurua, eta esparru sindikalean ematen ari den kontsentsua espetxe politika honekin amaitzeko azpimarratu nahi nuke ere».

 

«Eskatzen duguna legezkoa da eta gizarte eskubideen defentsa mahai gainean ipini behar dugu»

Garbiñe ESPEJO

CCOO

«Eskatzen duguna legezkoa da, eta guztiz beharrezkoa da gizarte eskubideen defentsa mahai gainean ipintzea eta honekin batera salbuespen neurriak eta sakabanaketa desagerraraztea».