naiz
Gasteiz

EH Bilduren iritziz, Azpiazuren hitzek atea irekitzen diote aurrekontuen inguruko akordioari

«Azpiazuk aurrekontuen inguruan esandakotik ondorioztatzen dugu berak ere ikusten duela gure proposamena gauzagarria dela», adierazi du EH Bilduko legebiltzarkide den Leire Pinedok. Era berean, azpimarratu egin du Lakuak «marjina ekonomikoa duela» koalizioaren proposamenari baiezkoa emateko.

Leire Pinedo, aurreko agerraldi batean. (@ehbildu_legebil)
Leire Pinedo, aurreko agerraldi batean. (@ehbildu_legebil)

EH Bilduren iritziz, Pedro Azpiazu Lakuako Ogasun sailburuak atzo EAEko aurrekontuen proiektuaren aurkezpenean eman zituen azalpenek «atea irekitzen diote akordio bati»,  aurrekontuak koalizioaren bi abstentziori esker onartzea ahalbidetzeko. Leire Pinedok adierazi duenez, «Azpiazuk esandakotik ondorioztatzen dugu berak ere ikusten duela gure proposamena gauzagarria dela; onartu zuen proposamena marko ekonomiko orokorrean sartzen dela eta posiblea den zerbait planteatzen duela, pentsioak gehiago eta hobeto osatzea, alegia. Borondate politikoa bakarrik behar da; beraz, pilota Jaurlaritzaren teilatuan dago».

Pinedok EH Bilduren eskaintza berretsi du: bi abstentzio emanen dizkio koalizioak Lakuak haren aurrekontuak onartu ahal izan ditzan «pentsioak gehiago eta hobeto osatzearen truke» eta «beste 70 milioi kalitatezko enplegua, batez ere emakume eta gazteentzat», sortzera bideratzearen truke. «Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuen lege-proiektua ez da inoiz gurea izango, ez du inoiz marraztuko euskal gizartearentzat irudikatzen dugun proiektu sozial eta ekonomikoa, baina aurrekontu horiei bide emateko prest gaude, bi abstentzioren bitartez, baldin eta Urkulluren Gobernua bere politika sozial eta ekonomikoak zuzentzen hasten bada».

EH Bilduko legebiltzarkide eta Zerga Politika eta Finantza idazkariak azpimarratu du Lakuak «marjina ekonomikoa» duela koalizioaren proposamenari baiezkoa emateko. Lehenik eta behin, «2018ko hasierako aurrekontuetan baino ia 632 milioi euro gehiago dituelako», eta bigarrenik, «ez duelako zentzurik» diru-sarrerak handitzeko defizitak ematen duen aukerari uko egitea. «Defizita tresna ekonomikoa da, erabil daitekeena eta erabili behar dena egoera ekonomiko eta sozialak hala eskatzen duenean, eta gaur hor bide bat dago diru gehiago eskuragarri edukitzeko».

Koalizioaren ustetan, «eskumen falta ere ezin da aitzakia izan» pentsioak «gehiago eta hobeto» osatzeko. «Ogasun sailburuak berak aitortu behar izan zuen atzo Jaurlaritza jada osatzen ari dela pentsioak eta, ondorioz, posible litzateke gehiago eta hobeto egitea, EH Bilduk eskatzen ari den moduan. Lakuak gaur egun dituen eskumenekin herri honetako pentsiodunei erantzun dakieke gu planteatzen ari garen parametroetan. Kontu juridikoak borondate politikoaren araberakoak izaten dira; borondate politikoa baldin badago, bideak bilatzen dira. Beste batzuetan hala egin dugu, eta bideak aurkitu ditugu, botiken berrordainketa zela eta egin genuen bezala. Hortaz, aurrera egin dezagun, eraiki dezagun guztion artean bide hori, pentsiodunen eskariei erantzuna eman diezaiekegulako eta eman behar diegulako».