NAIZ
BILBO

Igor Yebra Euskalduna jauregian estreinatuko da Uruguaiko Sodre Ballet Nazionaleko zuzendari gisa

Igor Yebra dantzariak Bilboko Euskalduna jauregia aukeratu du Uruguaiko Sodre Ballet Nazionaleko zuzendari modura estreinatzeko, heldu den azaroaren 12an. Ukitu klasikotik urrun dagoen ‘Confluencias’ ikuskizun modernoarekin estreinatuko da.

Igor Yebra, gaur Bilbon egin duen agerraldian. (Jon URBE/FOKU)
Igor Yebra, gaur Bilbon egin duen agerraldian. (Jon URBE/FOKU)

Igor Yebrak berak Euskalduna jauregian egindako prentsaurrekoan iragarri duenez, ‘Confluencias’ ikuskizuna ekarriko du Bilbora, Uruguaiko Sodre Ballet Nazionaleko zuzendari gisa estreinatzeko.

Obraren izenak berak adierazten duen moduan, eszenan jartzean estilo ugari batzen, uztartzen eta elkartzen dituen ikuskizun modernoa da ‘Confluencias’. Yebrak iragarri du «ikus-entzulearen ezustea» eragingo duela ikuskizunak.

Zehazki, George Balanchine, Goyo Montero eta Marina Sanchez koreografoen hiru pieza zuzenduko ditu dantzari bilbotarrak. Hasteko, ‘Theme and Variations’ lanak omenaldia egiten dio Errusia inperial handiko ballet klasikoari. George Balanchine koreografo ospetsuaren hitzetan, lana «dantzaren garai handi hori gogorarazteko dago pentsatua».

Jarraian, Goyo Montero koreografo espainiarraren ‘Chacona’ lanak hiru musika tresnaren arteko «solasaldia» planteatuko du, talde gisa, bakoitzak bere nortasuna duen pieza txikiz osatutako unitate bakarra osatzen duten 16 dantzariren lotune moduan.

Ikuskizuna amaitzeko, ‘Encuentros’ piezan, «dantza klasikoa tangoaren bila abiatuko da». Marina Sanchez koreografoaren hitzetan, bere haurtzaroko musikarekin egiten duen topaketa pertsonala da. Garai hartan, guztiz ulertzen ez bazuen ere, tangoak bizitzari buruzko egia adierazten duela entzuten zion aitari.

‘Confluencias’ ikuskizunerako sarrerak 32 eurotik erosi daitezke jada Euskaldunako txarteldegietan, kutxazainetan eta interneten.