NAIZ

Garestik Gasteizera Euskal Herria zeharkatuko du 21. Korrikak apirilaren 4tik 14ra

«Klika» izango du lelo Korrikaren 21. edizo honek eta Txillardegi izango da aurtengo omendua. Gaur aurkeztu dute apirilaren 4tik 14ra euskararen alde gure lurraldea zeharkatuko duen herri lasterketa.

Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute 21. edizioa. (AEK)
Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute 21. edizioa. (AEK)

Gares izango du abiapuntu euskararen aldeko ekimen erraldoiak eta hamaika egun arineketan gure lurraldea zeharkatu ostean, Gasteizen amaituko da apirilaren 14an. Gau eta egun gelditu gabe, bi mila kilometro baino gehiago egingo dituzte bertan parte hartuko duten milaka partaideek. Abiapuntutik helmugara eskuz esku bidaiatuko du lekukoak, eta baita barruan gordeko den mezuak ere. 

Gaur aurkeztu du AEK-k 21. Korrika eta aurreratu dutenez, aurtengoak «Klika» izango du lelo. «Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea», nabarmendu dute agerraldian hitza hartu duten Asier Amondo Korrika arduradunak eta Mertxe Mugikak AEKren koordinatzaile nagusiak. Euskarak hurrengo fasea klikatu behar duela iritzi diote lasterketaren antolatzaileek; «akzionarena, konpromisoarena; euskara unibertsal bihurtuko duena», sostengatu dute.

Txillardegi izango da Korrikaren edizio honek omenduko duen pertsona. Euskara Batuaren 50. urteurrena ospatzen den honetan erabaki dute, Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txillardegik, merezitako omenaldia behar duelakoan.

Gerra ondoko Euskal Herrian belaunaldien arteko etenaren protagonista nagusienetakoa da askorentzat Jose Luis Alvarez Enparantza eta giro horretan utzitako ondarea omendu nahi dute herri lasterketan. «Literaturan, ikerkuntzan, irakaskuntzan, euskalgintzan… bere sasoian klika egin zion euskarari», eman dute aditzera. Gogoratu dutenez, Txillardegiren kezka nagusiena, herriak hizkuntza behar duela aldarrikatzea izan zen eta beraz, Euskal Herriak euskara ezinbesteko ezaugarria duela defendatu zuen beti.

Txillardegik gainera, agerraldian gogoratu bezala, urte askoan, irmotasunez agertu zuen goi-mailako erabileretarako euskal hizkuntza bateratua sortzeko beharra. Bide horretan, Arantzazuko Batzarrak 1968an eraturiko txostenaren, euskara batuaren sorrera agiritzat hartzen den txostenaren, aitzindaria eta egilea Txillardegi izan dela nabarmendu dute beste behin ere. «Euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur asko Txillardegiri zor diogu. Ezin da esan hori baino gehiago. Euskararen historian, bada gauza bat oinarrizkoa, beste guztiak baino garrantzizkoagoa, eta hori estandarra sortu izana da, Euskara Batua, alegia», nabarmendu dute.

Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea du helburu gure hizkuntzaren aldeko ekimen erraldoi honek.