naiz

Euskaraldia mundura zabaltzeko hainbat jarduera antolatu dituzte nazioartean

Euskaraldia ekimena Europa eta Ipar zein Hego Amerikako hainbat txokotara ere iritsiko da. Etxepare Euskal Institutuak munduan zehar sare akademiko horren bidez euskara ikasten ari diren 1.500dik gora ikasleen artean ere zabalduko du ariketa kolektibo hau.

Euskara eta Euskaraldiaren oihartzuna Europa eta Ameriketako hamaika txokotara iritsiko da Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen bidez antolatutako kultur programa eta jardueren bidez. Horrela, Institutuak munduan zehar sare akademiko horren bidez euskara ikasten ari diren 1.500dik gora ikasleen artean ere zabalduko du ariketa kolektibo hau, «beti ere tokian tokiko egoerara egokituz, euskararen erabilera indartzeko eta ikasgeletatik haratago eramateko».

Berlinen esaterako, euskarazko oinarrizko ikastaroa antolatu dute Freie Unibertsitatean eta ‘Euskara eta generoaren arteko bidegurutzea’ hitzaldia emango du Amaia Orbe Etxepare Euskal Institutuko irakurleak. Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperatan berriz hiriko aberastasun linguistikoa ospatzeko hizkuntza komunitate ezberdinen arteko topagunea egingo dute, euskaran eta kurdueran arreta berezia jarrita.

Frankfurteko Unibertsitatean berriz Mikel Peruarena idazlearen ‘Su zelaiak’ eleberriaren irakurketa saioa egingo dute, euskaraz eta alemanez, eta Lehen Mundu Gerrako presoen euskal kanten grabazioak entzungo dituzte azaroaren 29an. Alemanian jarraituz, Leipzigeko Unibertsitatean, Ingo Niebel adituak 1928an estreinatu zen ‘Die Baskische Venus’ operari buruzko hitzaldia emango du. Horren ostean mintzodromoa egingo dute Leipzigeko Unibertsitateko ikasle eta ikasle ohiekin.

Brnon (Txekiar Errepublika) hainbat ekintza antolatu dituzte Masaryk Unibertsitatean eta hirian bertan Euskal Herriaren eta euskararen errealitatearen berri ikasgeletatik haratago emateko. Hala, ostiralean, azaroak 23, ‘Handia’ pelikula ikusi ahal izango da unibertsitateko zine aretoan; hurrengo asteartean Ugarte Anaiak txalapartariek hitzaldi-erakustaldia egingo dute; asteazkenean euskal poesia garaikideari buruzko hitzaldi eta errezitaldia antolatu dute eta ostegunean Hedoi Etxarte idazleak hitzaldi bat emango du euskal literaturaren inguruan. Amaitzeko, ostiralean, azaroak 30, mintzodromo bat egingo dute unibertsitateko euskara ikasle eta ikasle ohiekin. Erakusketa bat ere antolatu dute Euskal Herriko pertsonaia, paisaia eta aipamenekin.

Poznaneko Unibertsitatean (Polonia), besteak beste, euskara eta hizkuntza gutxituen sustapenari buruzko bideokonferentzia egingo dute Ibon Manterola EHUko irakaslearekin, baita bideokonferentzia bidezko ipuin kontaketa saioa ere, Amaia Elizagoin ipuin kontalariarekin. Azaroaren 29an izango da dena. Varsoviako Unibertsitatean (Polonian) berriz, Asier Serrano idazle eta EH Sukarra taldeko gidari izandakoak hitzaldia eta kontzertua emango ditu ‘Erritmo bat markatzen’ kongresuaren baitan, azaroaren 22an. Horrekin batera, Varsovia eta Poznango unibertsitateetako euskara ikasleen arteko  Skype bilera eta euskal kondaira eta ipuinen irakurketa antzeztua egingo dituzte, besteak beste.

Pauera (Frantzia), UPPA unibertsitatera, ere iritsiko da Euskaraldia. Mintzodromoak, beste hiri batzuetako euskara ikasle-taldeekin eta irakasleekin Skype saioak bezalako jarduerak antolatu dituzte datozen egunetarako.

Edinburgoko Unibertsitatean (Eskozia), Alejandro Pulido historialariak ‘Basque history, music and language in the XXth century’ izeneko hitzaldi irekia emango du.

Bologna eta Veneziako unibertsitateetan mintzodromoak antolatu dituzte euskara ikasleekin.  Azaroaren 27 Bolognan eta 29an Venezian. Eta abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Bolognako San Franceso plazan.

Boise State Unibertsitatean (AEB) hainbat jarduera antolatu dituzte datozen egunetan. Azaroaren 30ean, euskal kultura eta euskara klaseak hartzen dituzten ikasleen eta bertan diren euskal ikasleen arteko zubi linguistiko-kulturala sortzeko asmoz ‘Handia’ filmaren emanaldia antolatu dute. Abenduaren 3an berriz, ‘Food and Culture: The Basque Case’ ikastoroko ikasleek, urtean zehar euskal gastronomia eta kulturaren arteko loturak aztertu ostean, praktikan jarriko dituzte ikasitako hitz eta esaldiak hiriko pintxo jatetxe batean.

La Platan (Argentina) berriz euskara eta katalan hizkuntzako ikasleekin elkartruke saio ludikoa egingo dute ostiralean eta segidan mintzodromoa unibertsitateko, euskal etxeko eta hiriko euskaldun eta euskara ikasleekin. Horrekin batera, hirian zehar jendeari Argentinako toponimia eta euskararekin harremana duten galderak egin eta bideoa grabatuko dute. Amaitzeko, abenduaren 3an, Magdalena Mignaburu historialari argentinarrak hitzaldia emango du herrialde hartan euskarak duen  presentziaren inguruan. Zutarriak taldearen emanaldia eta euskal kantuak ere izango dira Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Mexiko Hirian (Mexiko), UNAM unibertsitatean, Facebook-en lehiaketa bat antolatzeaz gain, ostegunean, azaroak 22, euskal ginkana eta kantaldia antolatu dituzte. Hilaren 23an berriz Juan Kruz Igerabierekin literatura-topaketa egingo dute. Bestalde, Habanan (Kuba), abenduaren 2an, euskara ikasleek prestatutako musika  emanaldiak izango dituzte hiriko taberna ezagun batean bertako musikarien aktuazioekin batera.

Bartzelonan, abenduaren 13an, Universitat de Barcelona eta Universitat Autònoma de Barcelona unibertsitateetan, Euskaraldia-Euskal Zinema Saioa antolatu dute. Kimuak-eko zapzi film labur proiektatuko dituzte.