Iker BIZKARGUENAGA

Milaka txapen orratzak ohituraren murru sendoa pitzatzen hasi dira

Euskaraldia martxan dela erraz ikus zitekeen atzo, esparru guztietan. Kalean, «ahobizi» eta «belarriprest» txapak nonahi topa zitezkeen, eta sarean jende askoren mintzagaia izan zen egun guztian zehar. Pixkanaka euskarari bide ematea eragozten duen hormatzarrari arrakalak sortzen hasi zaizkio. Eraistea da helburua.

Euskara putzu sakon eta ilun bat izatetik ur gazi izatera pasa zen duela hamarkada batzuk, zorionez, baina ur hori geldo samar ibili da urte hauetan, nahi baino korronte gutxiagorekin. Zingiratik gehiago izan du ozeanotik baino, ohiturak eta lotsak murru handiegia eraiki baitute euskararen jabe izanagatik erabiltzaile izateko jauzia eman ez duen jende askorentzat. Eta horixe da, hain zuzen, atzo abiatutako Euskaraldiaren egiteko nagusia, hormatzar hori pitzatu eta euskarari bide ematea.

Eta esan daiteke lehenengo egunetik hasi zaizkiola arrakalak sortzen. Goizean goizetik, eskoletan, lantokietan eta kalean nabarmena izan zen «ahobizi» eta «belarriprest» ugariren presentzia. Adibidez, Bilboko Kale Nagusiko 53. zenbakitik 2. zenbakiraino ibili zen kazetariak berrogeita hiru txapa zenbatu zituen minutu gutxiren buruan.

Aipatzekoa, baita ere, Sestaoko taberna batean bizitakoa. Ezkerraldeko auzokide batek Twitterren idatzi zuenez, bertan zeuden zortzi lagunak, zerbitzaria barne, euskara hutsean aritu ziren gosaltzeko orduan, nahiz eta, aitortu zuenez, une horretan inork ez zeraman txaparik soinean. Euskara is in the air.

Esan gabe doa sare sozialak gailu aparta izan zirela ekimen erraldoi honek jasotako erantzuna neurtzeko. #Euskaraldia traola erabiliena izan zen egun guztian. #Euskara, #ahobizi, #belarriprest, #hizkuntza eta #klika –Korrikaren leloa– ere bolo-bolo ibili ziren, antzeko beste hitz askorekin bezala.

Baina unibertso digitaletik kalera itzulita, bitxikerientzako tarterik ere izan zen. Horrela, batek baino gehiagok bere txapa etxean utzi zuen, eta beste batzuek ezin izan zuten jaso, zenbait lekutan agortu egin zirelako eta gure herrian azken unera arte itxaroteko zaletasun handia dugulako. Hala, norberak egindako ordezkoak ere ikusi ziren, paperez eginak asko, kartoiz, eta oso txukun baten bat. Jarrera da, finean, axola duena.

Dendan eta zelaian

Atzo «Black Friday» delakoa izan zen, eta jende askok beherapenak aprobetxatzeko xedez dendetan eman zuen goiza edo arratsaldea. Testuinguru honetan, El Corte Ingles, Carrefour, Uvesco eta Eroski merkataritza-gune handiek bat egin dute Euskaraldiarekin, eta asteazkenean merkataritza esparruan hizkuntza ohituren aldaketaren aldeko ariketa sozialean parte hartuko dutela iragarri zuten. «Gure langile, bazkide eta bezeroei dei egiten diegu, hala nahi badute, Euskaraldian parte har dezaten eta gure saltokietan ahobizi eta belarriprest izan daitezen», adierazi zuten. Horregatik, belarriak zorroztuta, dendetara joan ginen, kuxkuxeatzera. Langileen artean Euskaraldiaren txaparik ez genuen ikusi, bezeroen artean bai, asko, eta oro har euskara asko entzun zenik ezin esan dezakegun arren, ohi baino gehiago entzuten zen. Eta hori bada zerbait Bilboko urrezko milian. Arrakala bat horman.

Asteburua hasi berri dugu, eta egunotan dendetan beste jende biltzen da futbol estadioetan. Horregatik, garrantzitsua da euskal taldeek ekimen honekiko erakutsi duten gertutasuna; besteak beste, Athleticek, Realak, Alavesek, Eibarrek eta Osasunak babesa eman diote. Ander Capa zuri-gorriak ere txioa idatzi zuen atzo, eta Osasunako entrenatzaile Jagoba Arrasatek berba batzuk eskaini zizkion prentsaurrekoan. Saski Baskonia, GBC, Araski AES eta Gernika Bizkaia saskibaloi taldeek, eta beste hainbat kiroletako talde eta ordezkariek ere bat egin dute Euskaraldiarekin.

Politikagintzan zenbatezinak izan ziren atxikimenduak. Gasteizen, adibidez, talde desberdinetako hainbat legebiltzarkidek puxikak aireratu zituzten. Keinu deigarriena, dena den, Gipuzkoako Vox alderdiak egin zuen, Twitterren babesa eman baitzion ekimenari. Ikustekoa.

Hau guztia lagin bat baino ez da, beste horrenbeste adibide sar zitezkeen. Aurretik hamar egun dauzkagu, eta gero beste 354, arrakalak zulo bihurtzeko, denon artean euskara itsaso urdin eta zabal bat izatea lortzeko.