NAIZ
IRUÑEA

Legez kanpoko etxebizitza turistikoen aurkako neurriak hartuko ditu Iruñeko Udalak

Etxebizitza turistikoen legez kanpoko eskaintzari aurre egiteko hainbat neurri iragarri ditu Iruñeko Udalak, hala nola, eskaintza turistikoari jarraipena egitea, arauetatik kanpo daudenak salatzea edota legeari doitzen zaizkion horiei publizitatea ematea. 

Etxebizitza turistiko gehienak Alde Zaharrean eta Iturraman daude.
Etxebizitza turistiko gehienak Alde Zaharrean eta Iturraman daude.

Iruñeko Udaleko Ekonomia Iraunkorreko zinegotzi Patricia Peralesek eta Turismo zerbitzuko buru Maria Bezunarteak egin duten agerraldian azaldu dute zeintzuk diren legez kanpoko etxebizitza turistikoei aurre egiteko abian jarriko diren neurriak. 

Helburua, Peralesen esanetan, etxebizitzak eurak eta bizilagunak babestea izango da. 

Nabarmendu dutenez, 2017-2019 eperako Iruñeko Turismoaren Plan Estrategikoaren datuen arabera, hiriburuaren turistifikazio maila –eskaintzen den ostatu kopurua, iristen diren turistak eta pasatzen dituzten gauak– baxua da, antzeko tamaina duten beste hiri batzuekin konparatuz. Zehazki, Iruñean osorik alokatzen diren 215 apartamentu turistiko daude erregistratuta, gehienak (%76,49a) Alde Zaharrean eta Iturraman. Joera goranzkoa den arren, aipatu dute, esaterako Logroñon 339 daudela, 484 Baionan edo 417 Salamancan. Horietatik oso urrun dago Donostia, 1.047 etxebizitza turistikorekin Nafarroako hiriburuaren eskaintza boskoiztu egiten duena.

Erregistratuta dauden etxebizitza turistikoak eta plataforma desberdinetako eskaintzak alderatuz, Udaleko Turismo Zerbitzuak legez kanpoko 52 daudela atzeman dute. Legea betetzen ez duten horien aurka salaketa jarriko du Udalak Nafarroako Gobernuan, hari baitagokio eskumena.

Era berean, legez kanpoko etxebizitzen aurkako borrokan bizilagunen inplikazioak daukan garrantzia azpimarratu dute. Ostatu bat legearen barruan ari den kontsultatzeko aukera izango dute herritarrek (Udalaren webgunean edo 010 arretarako zenbakira deituta) eta, legez kanpo daudenen berri eman ahal izango dute Udaleko edo Nafarroako Gobernuko Turismo sailarekin harremanetan jarriz. Salaketa jartzen duenaren identitatea ezkutuan mantenduko dela argitu dute. 

Zentzu horretan, Iruñeko Udaleko webguneak legezko etxebizitza turistikoak jasoko ditu bere webgunean. 

Horrez gain, neurrien eta araudiaren inguruko informazioa jasotzen duten liburuxkak banatuko ditu Udalak Alde Zaharreko eta Iturramako bizilagunen artean. 

Datorren urteari begira bizilagunei zuzendutako hitzaldi informatiboak antolatuko dituztela ere jakinarazi dute.