Jon ORMAZABAL

«Mariezkurrenarekin badakizu ez zarela defentsan bakarrik ariko»

Artolak oso ondo ikusi zuen bere atzelaria Binakako bere debutean eta konfiantza osoa erakutsi du Berriozarkoarengan.

Hirugarren Binakako txapelketa baino ez du aurtengoa Iñaki Artolak titular modura baina, egindako uda bikainaren ondoren, beterano papera eman dio Asegarcek alegiarrari, Jon Mariezkurrena hasiberriarekin bikotea osaraziz. Lehen konpromisoa oso nota onarekin gainditu zuten bi ilehoriek eta gipuzkoarra oso gustura dago izango duen laguntzarekin.

«Oso pilotari jotzailea da eta berarekin jokatzea gozamena da. Ikusiko da aurrerantzean zein joko egiteko gai garen, txapelketan denetik egin beharra dago, bai jo, bai defendatu, hutsik ez egin… baina kolpea edukiz gero, horrek konfiantza handia ematen dizu, edozein bikoterekin parez pare jokatzeko. Izan ere, Jonekin badakizu ez zarela defentsan bakarrik ariko, edozeinek haina jotzen du», azaldu zuen.

Aurrelari batentzat, eskertzekoa izaten da beti zuloak irekitzeko gai den atzelari batekin jokatzea, baina Artola bera ere bikain aritu zen bere lanean txapelketa honetako lehen partidan. «Jonek partida atzetik hautsita, bakarren batek esango du lan errazak nituela, baina sarri zaila izaten da sartzeko pilotak aukeratzea. Dominatuagatik, hemen inork ez du partidarik botatzen eta azkenean tantoak zuk egin behar dituzu eta askotan huts egiten dudan gauza bat da hori. Zein pilota utzi eta zeinetan sartu asmatu nuen, dominatzeaz gain, ausarta izan nintzen», esan zuen alegiarrak, egindako lanarekin pozik.

Partida guztiak jokatzea

Anekdotikoa izan daitekeen sailkapeneko lehen postuaz harago, Beotibarren lortutako garaipen sendoak izan du beste onurarik. Izan ere, eskuko batere minik gabe amaitu zuen Artolak. «Duda batzuekin joan nintzen eta pena izango zen uda osoan partidarik utzi gabe egon ostean, txapelketa hasi eta partidak utzi beharrean izatea. Helburuetako bat, galdu edo edo irabazi, lehiaketako hamalau partidak jokatzea da», aitortu zuen.