@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Egunkariek ere bat egin dute Euskaraldiarekin

Euskaraldia alor ugaritan eragina izaten ari da. Komunikabideena horietako bat da, zalantzarik gabe. Asko izan dira ekimen honen berri emateko (eta bertan parte hartzeko) formatu bereziak prestatu dituztenak.

Euskaraldiaren isla hainbat egunkaritan. (@MartxeloDiaz)
Euskaraldiaren isla hainbat egunkaritan. (@MartxeloDiaz)

GARA da horren adibide bat. Egunkariko orrialde bakoitzeko berri nagusia gaztelaniaz denean informazioaren laburpena agertzen da alboan. Euskaraldiak irauten duen bitartean horrela izango da. Kazetarien artean «txirinboloa» bezala izendatu dugu formatu berri hau. Honekin batera, orrialde bakoitzeko menpeko berriak (zutabeak, faldoiak eta antzekoak) euskaraz dira.

NAIZen ere euskarak ohiko egunetan baino presentzia gehiago dauka, berri gehiago hizkuntza honetan idazten ari gara eta. Honekin batera, Euskaraldiaren inguruan gertatzen direnak jasotzeko leiho berezi bat ere prestatu dugu.

Nafarroako ‘Diario de Noticias’ egunkaria ere formatu berezi bat argitaratzen ari da ekimenak irauten duen bitartean. Egunero orrialde bat eskaintzen dio, herri desberdinetako Ahobizi eta Belarriprest bana elkarrizketatzen dute. Ahobiziari galderak euskaraz egiten dizkiote eta honek euskaraz erantzuten du. Belarriprestek, berriz, galdera euskaraz jasotzen dute (hartu duten konpromisoak eskatzen duen bezala) baina erantzunak gaztelaniaz botatzen dituzte. 

‘El Diario Vasco’n ere Belarriprest zenbait elkarrizketazen ari dira egunotan. Horietako batzuek galderak euskaraz jaso dituzte eta gaztelaniaz erantzun, Juan Martinez de Irujo pilotariak kasu. Beste batzuetan, ordea, galderak nahiz erantzunak gaztelaniaz izan dira, Toti Martinez de Lezea idazlearen kasuan bezala. Mailaren ajeak izango dira.

‘Diario de Navarra’k ez du Euskaraldiari buruzko inolako aipamenik egin, nahiz eta 20.000 nafar inguruk ekimen honetan izena eman duten. Sadarrera Osasuna ikustera edo Navarra Arenara doazenak baino gehiago dira, baina honek ez omen du interesik. Euskaraldia abiatu zenean euskararekin harremana zuen berri bakar bat zekarren: «CCOO y UGT critican que las plazas en euskera ‘no se están negociando’».

‘Berria’ri dagokionean hainbat alorretan euskararen erabilerak bizi duen egoera aztertzen duten erreportaje sail bat argitaratzen ari da egunero. Euskaraldia hasi baino lehen ere ekimen hau prestatzeko beste erreportaje sail bat argitaratu zuten. Webgunean erreportaje hauek bideoan ikusteko aukera dago. Hauetako batzuk bitxiak izan dira, euskarazko irainak jasotzen duena bezala.