NAIZ
DONOSTIA

Agerraldi batengatik Mozal Legea ezarri diote Bizitza Da Handiena-ri, baina ez dute isuna ordainduko

Turismoaren Munduko Erakundeak Donostian egin zuen bileraren aurrean Bizitza Da Handiena dinamikatik antolatu zituen protestek jasotako «erantzun errepresiboa» gaitzesteko egin zuten prentsaurreko batengatik, Mozal Legea baliatuta, Lakuako Segurtasun Sailak isuna ezarri diela jakinarazi dute. «Gezurrean» oinarritutako isun hori ordainduko ez dutela iragarri dute.

Prentsaurreko bat egiteagatik ezarri diote Mozal Legea Bizitza Da Handiena dinamikari.
Prentsaurreko bat egiteagatik ezarri diote Mozal Legea Bizitza Da Handiena dinamikari.

Ohar baten bitartez, 60tik gora eragilek osatutako Bizitza Da Handiena mugimenduko kideek gogoratu dute maiatzaren 19tik 27ra Munduko Turismo Erakundeak Donostian egin zuen bileraren harira «borroka sozialen astea» antolatu zutela, «boteretik herritarron gehiengoaren aurka eta gutxiengo baten alde inposatzen diren politikei aurre egiteko».

Indarkeriarik erabiliko ez zutela argi zeukatela eta «egunez egun kultura politiko barri bat» eraiki nahi izan zutela azaldu dute.

Hala ere, «tamalez, euskal erregimeraren erantzuna betikoa» izan zela nabarmendu dute.

«Erantzun errepresibo» horren ondorioz «lau herritar epaiketa bidean» daudela adierazi dute.

Jarrera hori salatzeko maiatzaren 24an egin zuten agerraldi batengatik, orain Mozal Legea baliatuz ehun euroko isuna ezarri dietela jakinarazi dute, une hartan Ertzaintzak inor identifikatu ez bazuen ere.

Bizitza Da Handiena dinamikatik jakinarazi dute «gezurrean» oinarritutako isun hori ez dutela ordainduko eta dei egin diete Lakuari eta Ertzaintzari «Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta baita Donostiako Udalak ere baztertu duten PPk inposaturiko Mozal Legearen aurrean desobedientziaz aritu daitezen, hori baita beraiek ordezkatzen duten euskal jendartearen gehiengoaren nahiarekin bat egiteko modua».