Haritz LARRAÑAGA

Belarri saiatuentzako bertso saio parte hartzailea

Gai jartzaile lanetan aritu zen Amets Arzallusek aitortu zuen «jendearen ulermen mailaren araberako bertsoa fabrikatzea misio oso zaila» dela, baina entzuleen parte hartzea bultzatuz saiakera egin zuten, Euskaraldiaren baitan Hendaian «Belarripresentzat» antolatu zuten bertso saioan.

Hotz egiten zuen Hendaiako Gaztelu Zahar plazan ezarritako xapitoaren (karpa) atarian. Bi haur talde ari ziren jolasean, gazteleraz batean eta frantsesez bestean. Gauaren etorrerarekin hasi ziren pilatzen ahobizi eta belarriprestak xapitoaren barrualdean. Hasiera batean multzoka banatuta zegoen jendeak borobil forman esertzeko gonbita jaso zuen eta pixkanaka jendea batzen hasi zen.

Amets Arzallusek egin zuen sarrera. Belarriprestei egokitutako bertso saio bat antolatzeak zer-nolako zailtasunak dituen azaldu zuen eta, ahobizi zein belarriprest, guztiek parte hartzeko zein motatako ariketak egingo zituzten esplikatu zuen.

une baguette s’il vous plaît

Miren Artetxek emanaldiko lehen bertsoan iragarri zuen bertsolarien asmoa zein zen: «Gu etorri gara Gaztelu Zahar plazara ilusioz eta umorez, bertsotarako gogo biziz eta zuek gozarazteko prest». «Eta gainera denok etorri garelakoetan nago, gure ahoak biziagoak eta bi belarriak prestago», gehitu zuen Maddalen Arzallusek.

Aimar Karrika, egun Hendaian bizi den Auritzeko bertsolariak antzeko hasiera eman zion bertso saioari: «ahobizi eta belarriprestak bildu dira Hendaiara, mahai gainetik hasi dezagun beraz bertso asanblada, denon neurriko bertso saio bat neurtzen saiatuko gara».

Agertoki desberdinak proposatu zituen gai jartzaileak, esate baterako, bezeroak eta saltzaileak ahobizi direla deskubritu zuten momentua antzeztu zuten Karrika eta Artetxek. «Okindegira etorri naiz ni goizero urtez urte, mahai ondora hurbildu eta une baguette s’il vous plaît», esaten hasi zuen elkarrizketa Artetxek, eta honela amaitu zuen solasaldia Karrikak: «Lehen dendari ninduzun eta orain laguna jakina, zure baguette-a hartu eta tori oparitzat chocolatine-a».

Bertsolariek frantseseko hitzak erabiltzen zituzten bakoitzean euskaraz ulertzeko zailtasunak zituzten lagunek elkarri galdetzen zioten entzundakoa ongi ulertu ote zuten ziurtatzeko. Hots, bere ikasleak eraman zituen AEK-ko euskara irakasle batek nahiko lan izan zuen itzultzaile lanak egiten.

Jarraian, entzuleek parte hartzeko jokoak hasi ziren. Ametsek, “Hendaia” hitza bota zuen, eta belarriprestek antzeko errima zuten hitzak proposatu behar zituzten, gero Maddalenek hitz horiekin bertso bat eraiki zezan. Lehen itzulia amaitu ostean, belarriprestak prest ziren, Ametsek proposatuko zuen hitz berriaren zain eta parte hartzeak gora egin zuen.

Lehen bertso saioa

Lantzean behin handik gertu pasatzen zen hegazkin baten harrabotsak edo jolasean ari ziren haurren irriek derrigorrezko etenaldiak eragiten zituzten arren, jolas eta bertso artean, saioa oso dinamikoa izan zen eta agur esateko ordua fite iritsi zen. Miren Artetxek oso ongi laburbildu zuen Hendaian egin zuten bertso saioa: «Ahobiziak ez ziren gutxi, belarriprestak ez sobra, gainditu dugu Euskaraldian jarri diguten aproba».

Saioa amaituta, Euskaraldiaren 12. eguna irudikatze aldera edo, belarriprest eta ahobizien arteko komunikazio ariketak txosnako barran izan zuen jarraipena. «Garagardo bat otoi», «zenbat balio du?», «milesker» eta «nola esaten da...?» bezalako esaldiak behin eta berriz errepikatzen ziren, ia ezer ulertu ez arren, saio osoan tinko iraun zuten belarripresten artean.

François eta Tracyk bertso saio bat ikusten zuten lehen aldia zen. Euskara ikasten hasiak dira eta penaz ziren ezer gutxi ulertu ahal izan zutelako, baina «ahotsen musika» gogoko zuela eta hunkigarria iruditu zitzaiola nabarmendu zuen Françoisek. Horrez gain, bertsolariak zaharragoak izan ohi zirela uste zuen eta bertsolari gazteak ikusteak harridura eragin zion.

Cedric baionarrak ostera, «bertsoa ikasita ekartzen» zutela uste zuen eta abeslarien abileziarekin txundituta geratu zen. Ainhoa hendaiarrak, «nahiz eta ulertu ez, bertsolarien keinuekin irri egin» zuen. Eta horrela, zailtasunak zailtasun, ikasle guztiak ados ziren; «euskara ikasteko bakarrik ez, euskal kultura ikasteko ere baliagarri izan da ekimena».