NAIZ
GERNIKA

78ko erregimenaren aurka, indarrak batzeko dei egin die ezker abertzaleak estatuko nazio senideei

Orain 40 urte egindako hausnarketa politikoan «bete-betean» asmatu zuela uste izanda, eta «benetako justizia, askatasuna eta bakea» eskuratzeko 78ko erregimenarekin hautsi behar dela sinetsita, dei egin die ezker abertzaleak estatuaren mendeko nazio senideei haustura demokratikoa helburu indarrak batzeko.

Ezker abertzaleko 90 bat kide bildu dira Gernikan. (@sortuEH)
Ezker abertzaleko 90 bat kide bildu dira Gernikan. (@sortuEH)

Gernikako azokan bildu dira igande eguerdi honetan ezker abertzaleko belaunaldi ezberdinetako 90 militante inguru, «1978ko Konstituzio espainiarra euskal herritarroi inposatu eta 40 urtera». Bertan, adierazpen bat irakurri dute.

Uste dute gaur Gernikan bildu direnek ezker abertzaleak «bete-betean» asmatu zuela orain 40 urte egindako hausnarketa politikoan: «Esan genuen frankismoarekin haustura demokratikorik gabe Euskal Herriak ez zuela benetako demokraziarik, justiziarik eta bakerik ezagutuko. Bete-betean asmatu genuen».

Francok «dena lotuta» utzi zuela adierazi dute, Juan Carlos Borboikoa bere oinordeko izendatzetik hasita. «Armadak, poliziak eta botere judizialak, elite ekonomikoek eta komunikabide handiek ez zuten demokratizazio biderik egin».

«Orduan esan genuen espainiar Konstituzioak frankismoak ezarritako bi oinarriak bere egiten zituela: Espainiaren batasuna eta kapitalismoa», nabarmendu dute ezker abertzaleko kideek, gaineratuz: «Berriz diogu: 40 urteotako ibilbideak argi utzi du Konstituzio horren eta 78ko erregimenaren izaera inpositiboa, antidemokratikoa eta bortitza».

Ezker abertzaleko kideek adierazitakoaren arabera, gerra zikina, torturak, ilegalizazioak, hedabide-itxierak, eskubide zibil eta demokratikoen murrizketak, ustelkeria, etxegabetzeak, 135. artikuluaren inposaketa, eskubide sozialen murrizketa etengabea... guztia da 78ko konstituzioaren ondorio. «Benetako justizia, askatasuna eta bakea eskuratzeko, frankismoaren oinordekotzarekiko, 78ko erregimenarekiko, haustura demokratikoa ezinbestekoa da».

Zentzu horretan, dei egin die ezker abertzaleak estatuaren mendeko nazio senideei eta haietako herri eta langile sektoreei, indarrak batzeko, «geure herrien arteko elkarlanetik soilik etorriko dira benetako justizia, demokrazia, askatasuna, berdintasuna eta bakea».