@ibaiazparren
IRUÑEA

Nafarroaren estatus politiko berriari buruzko eztabaida bultzatu nahi du EH Bilduk

Bakartxo Ruiz lehendakarigaiak Nafarroaren estatus politiko berri baterako eztabaida sozial eta politikoari ekiteko unea dela adierazi zuen atzo Iruñean, Nafarroaren Eguneko adierazpenaren aurkezpenean. Itun berri hori erabakitzeko eskubidean oinarritu behar dela nabarmendu zuen Ruizek, «Espainiako Estatuarekin berdintasun harremana ahalbidetzeko». Gainera, Nafarroan eman zen aldaketari segida eman nahi dio EH Bilduk.

Bakartxo Ruiz, adierazpenaren aurkezpenean. (@EHbilduNafarroa)
Bakartxo Ruiz, adierazpenaren aurkezpenean. (@EHbilduNafarroa)

Bihar ospatuko den Nafarroaren Egunaren harira, Bakartxo Ruiz EH Bilduren lehendakarigaiak 1982ko Foru Hobekuntza erreferendumik gabe onartu zela gogoratu zuen atzo, Nafarroaren Eguneko adierazpenaren aurkezpenean. «Dagoeneko 36 urte igaro dira Trantsizioa delakoaren bulego ilunetan negoziatutako LORAFNA ezarri zenetik. Marko murriztailea, nafar jendartearen askatasun grina itotzea helburu zuena», adierazi zuen Ruizek.

Gainera, Madrilgo Gobernuarekiko Nafarroaren «mendekotasun harremanaren mugak» gogora ekarri zituen, «nafar familien egoera hobetzeko neurriak, aukera berdintasunean eta aberastasunaren banaketan oinarritutako eredu ekonomiko eta soziala ezartzeko» oztopoak direla azpimarratuz. Horren eredu, Estatuak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean salatutako eta bertan behera utzitako 17 legeak aipatu zituen Ruizek, baita inbertsioetarako onartutako 113 milioiko plana, Gobernu espainiarrak azkenean 35,5 milioira murriztu zuena.

Ondorioz, estatus politiko berri baterako eztabaida bati ekiteko unea da Ruizen iritziz eta, horretarako, metodo bat diseinatu eta adostu nahi dute. Horrela, EH Bilduren konpromisoa  «bere bizitzan eragina duen gauza ororen inguruan erabakitzeko» Nafarroako gizarteari hitza ematea dela azaldu zuen lehendakarigaiak.

Aldaketan sakondu

Halaber, 2015ean Nafarroan gauzatu zen aldaketan sakondu nahi du EH Bilduk. «Urte hauetan norabidea aldatzeko oinarriak jartzen aritu gara eta jendartea hobeto bizitzeko urgentziazko lehenengo erabakiak hartu ditugu. Orain, hasitako bideari jarraituko diogula bermatzea dagokigu, erregimenak modu batean edo bestean instituzioen kontrola ez dezan berreskuratu», azaldu zuen Ruizek.

Izan ere, «bizikidetza demokratikorako» oinarriak jarri nahi ditu EH Bilduk, adostasunetara iritsiz. Hala ere, adostasun horiek ideia batean oinarritu behar direla nabarmendu zuen Ruizek: «Nafarroaren etorkizuna Nafarroan erabaki behar dugu».