NAIZ
BILBO

Parisen epaituko duten Iñaki Retaren askatasuna galdegiteko dinamika aurkeztu dute Elorrion

Hilaren 17, 18 eta 19an Parisen epaituko duten Iñaki Reta elorriarraren askatasuna aldarrikatzeko dinamika aurkeztu dute senide, lagun eta herrikideek. Epaiketaren atarian, 15ean, manifestazioa egingo dute. 

‘Iñaki Reta Gurekin’ elkartasun dinamikaren aurkezpena, Elorrion.
‘Iñaki Reta Gurekin’ elkartasun dinamikaren aurkezpena, Elorrion.

Elorrion egindako agerraldi batean ‘Iñaki Reta Gurekin’ dinamika aurkeztu zuten atzo iluntzean haren senide, lagun eta herrikideek.

Gogoratu dutenez, 2015ean atxilotu zuten Iñaki Reta, «armak ezkutatzeko erabiltzen ziren zuloak ixteko helburua zuenean», eta ordutik dago espetxean. Fresnesko kartzelan dago egun, «etxetik 1.000 kilometrotara» eta «baldintza oso kaskarretan».

Aurrez betetako espetxealdiak aintzat hartuta, ia 20 urte daramatza Retak «Espainia eta Frantziako kartzeletan gatibu; ia 20 urte zuloan eta bizitza oso bat herriari eskainia».

«Sistematikoki ukatzen duten gatazkaren irudi gordiña da Iñaki. Konpromisa, konstantzia, militantzia, disziplina, elkartasuna, maitasuna, eskuzabaltasuna eta borroka etengabea. Hori da Iñakik bere bizitza osoan zehar herri zapaldu honi egin dion aportazioa. Hori izan da eta da Iñaki», esan zuten Elorrion.

Hain zuzen, Retak «elkartasun eta maitasun keinuak ezinbesteko» dituelako sortu dute dinamika. 

Azkenik, ‘Bada garaia! Iñaki gurekin!’ lemapean Elorrion egitekoa duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Arratsaldeko 18.30ean abiatuko da mobilizazioa, herriko plazatik.