NAIZ+

‘Bizilagunak’, arrazakeriaren kontrako menua iruditan

Bizilagunak egitasmoaren baitan Araban egindako otorduetako irudiekin bideoa ekoiztu dute.

Bertako familiak zein Euskal Herrian bizimodu berri bati ekin diotenak mahai beraren bueltan bildu eta elkar ezagutzea da Bizilagunak egitasmoaren asmoa. Pasa den azaroaren 18an egin zuten zazpigarren edizioa eta 2.500 lagun baino gehiago batu zituen mahaiaren bueltan.

SOS Arrazakeriak antolatzen duen ekimena eta zabaldutako datuen arabera, 58 herrialde ezberdinetako 2.542 pertsonek parte hartu zuten. Zehazki, Arabako hamabi bat herritan, Gipuzkoako 127 udalerritan eta Bizkaiko lautan egin zituzten hitzorduak, antolatzaileek ohar batean jakitera eman dutenez. Araban 71 bazkari egin dituzte, 1.311 partaiderekin; Bizkaian 32, 331 mahai-lagunekin eta Gipuzkoan 127, 900 pertsonarekin. Guztira, 219 bazkari izan dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bizi diren 2.542 lagunekin.

Orain, Bizilagunak egitasmoaren baitan Araban egindako otorduetako irudiekin bideoa ekoiztu dute.

ZAS! Zurrumurruen Aurkako Euskal Herriko Sarearen barruan dago ekimena. Sare hau Lakuak eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 20 udalek eta erakundek osatzen dute, elkarbizitza eta begirunea sustatuko dituzten dikurtso eta jarrerak zabaltzeko zein estereotipo eta zurrumurruei aurre egiteko helburuarekin.

Bizilagunak ekimena Lakuak eta Gipuzkoako Aldundiak laguntzen dute, bai eta Andoain, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Ordizia, Pasaia eta Zarauzko udalek ere. Tolosaldekoek ere bat egiten dute ekimenarekin, Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren bidez. Gipuzkoaz gain, Getxo, Barakaldo, Basauri, Berriatua eta Gasteizek ere bat egin dute.