Ariane Kamio
Durango

Iritzi ekuatorianoak

Azoka iritsi da bere erdira, ekuadorrera, bidearen zati bat gainetik kenduta. Editoreen iritziak batuta, ostegunekoa izan da egunik indartsuena. Gazteak badabiltza erosketetan, baita emakumeak ere.

Ekuadorrera iritsi da Durangoko Azoka. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Ekuadorrera iritsi da Durangoko Azoka. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Azokatik editoreekin erronda egitea tokatu da gaur. Zaila da zenbaitetan lehen orduetan haietako bat harrapatzea eta horregatik nahi baino itzuli gehiago egin behar izan ditugu Landakon gora eta behera. Etorri dira apurka haien salmahaietara.

Hedoi Etxarte lehena. Katakraken feminismoarekin lotutako liburu ugari aurtengo eskaintzaren artean. Angela Davis eta bell hooks aipagarrienen artean. ‘Feminismoa denon kontua da’ alea ba omen da gazteei zuzendutako liburua, feminismoan hastapen bat, eta baita barruan daudenentzat kontsultarako azpimarra merezi duena ere. «Gazte askok erosi dute, baina batez ere, gizonezko asko etorri dira liburua erostera». Datu aipagarria inon aipatzekorik bada behintzat.

Eta gazteekin jarraituz, Txalapartan geldialdia. Jose Mari Esparza eta Belatz sinatu eta sinatu jende oldearen artean. Baina aurtengo izarrak argitaletxe nafarrean Aritz Intxusta eta Aitor Agirrezabal GARA eta NAIZeko kazetariak direla aipatu du Jon Jimenezek. «Haiena saldu da gehien, eta aldearekin». ‘Altsasu. El caso Alsasua’ lanaren erosleen artean, gazte ugari. «Gaia pil-pilean dago, irakurterraza da eta gertatu denaren inguruko informazioa argi eskaintzen da». Zorionak haiei.

Igelak klasikoak berreskuratu ditu. Agatha Christie ekarri du Azokara, baita duela 25 urte argitaratutako ‘Uzta gorria’ eta ‘Koska bat estuago’ ere. Xabier Olarrak eta Joseba Urteagak egin zituzten bi hamarkada atzerago haien itzulpenak. «Irakasle ginen orduan eta gazteentzako irakurgaiak behar genituen», esan du Urteagak. Hara non, paradoxa. Hogeita bost urte atzera gazteentzako irakurgaien faltan zirela argitaratu ziren bi liburuok, eta orain, nerabeentzat eskaintza zabalagoa denean, klasikoak berriro itzuli dira. «Klasikoak dira eta ez genituen galtzen utzi nahi. Agatha Christie bera ere klasiko bat da, baina oso salmenta onak izaten ari da».

Hutsunea

Elkarren Alaitz Aizpururk hartu du hitza. «Atal berri bati eman diogu hasiera gazteei zuzendutako liburuak bilduko dituena». Garbiñe Ubedaren ‘Sasieskola’k zabalduko du sorta, 16-20 urte bitarteko gazteei zuzendutako lanak. Aizpururen aburuz bada hor hutsune bat, «gazteei gaztelaniazko edo ingelesezko literaturak gehiago kolpatzen die». Hura betetzea haien helburua.

Pamielako izarra da aurten Joseba Sarrionandia. ‘Bizitzea ez al da oso arriskutsua?’ gaukaria da haien nobedade nagusiena, eta salmentetan burua. «Jendeak liburuak deskubritzen ditu hemen eta badira duela bost, hamar, hamabost urte argitaratutakoak deskubritzen dituztenak ere. Azkenean Azokara gama osoarekin gatoz», aipatu du Pello Elzaburuk.

Lehenengo eguna gazte eta ikasleei eskainita abiatu ohi du Azokak bere bidea. Ba al du retornorik gazteen bisita horrek? Gehienak baiezkoan daude. Haur literatura asko mugitzen dela diote askok eta azokaratzen den publikoa zabala dela.

Horren lekuko da Toti Martinez de Lezea. Bera de ilaren erregina. #TotiKola da batzuentzat sare sozialetan; Inazio Mujika Iraola editorearentzat #Totilara. Bera da salduenen artean Ereinen, Nur-en abenturengatik edo ‘Llanto en la tierra baldía’ azken nobelagatik.

Kontsultatutako argitaletxe guztiak bat datoz esaterakoan asteazkena izan zela egunik «tristeena» eta atzokoa indartsuena. Gaur, Durangon, jendetza dabil berdin-berdin. Bada nor esaten duenik irakurlea inoizko «amorruz» edo «gosez» etorri dela Landakora liburu bila. Beste bi egun aurretik aurtengo sasoia amaitzeko, baina badirudi ekuadorrean aurreikuspenak onak baino hobeak direla.