Amalur ARTOLA
DURANGO

Sustrai Colina: «Guk egiten duguna da jendea jainkotu, gero egurtu ahal izateko»

Kazetaritza eta sorkuntza. Bi zutabe horien bueltan eraiki zuten atzo Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehendakariak eta Sustrai Colina bertsolariak Gogoeta Plazan eskaini zuten solasaldia. Nekane Zinkunegi kazetaria gidari zutela, kultur sorkuntzez, kazetaritzak horiek lantzeko dituen moldeez eta euskararen egoeraz ere jardun ziren hizlariak ordubeteko iraupena izan zuen saioan.

Ubedaren hitzetan, «euskaraz ari diren hedabideek jarraipen aski ona» egiten diete sormen lanei, nobedade bat aurkezten den aldiro ekartzen baitituzte euren orrialdeetara. «Jakina besteak beste leku batera begira daudela. Ni kezkatzen nauena kultur mundutik kanpo erakusten den kultura da: sarri erregionalismoaz ari gara eta hori da konpondu beharrekoa». Bestelako kezkak ditu Colinak: «Euskal kultura ardatz duten medio horietan ez ote den gertaera handien eta zenbakien kultura nagusitzen ari kezkatzen nau ni: zenbat saldu den, jendea... Ez nago konbentzituta horrek mesede egiten dionik kultura ulertzeko modu sano bati». Kultura ulertzeko era horrek literatura, musikagintza zein bertsolaritzari kalte egiten diola nabarmendu eta, kanpoko erreferentziak etengabe jasotzen ditugun honetan, ardatza euskarazkoetan jartzearen alde egin zuen.

Ubeda zein Colina, biak dira kazetari gisa lanean ibiliak eta, euren jardunean jokatu duten paperaz galdetuta, sortzaileekiko «inbidia eta miresmena» aipatu zituen lehenak, «herri honetan ez dagoelako bizitzerik kulturatik» eta jakin badakielako kultur sorkuntzak «familiari edo loari orduak kenduta» egin ohi direla. «Supermerkatuetan, kalean, tabernetan... ez dago gure kultura, Garberan sartu eta begiak itxiz gero ez dakizu Euskal Herrian edo Salamancan zauden. Euskarazko kultura txoko batean dago, ikurrintxo batekin, hori bai». Hala, bere kasuan, kazetari lanetan aritu denetan «beti hauspotzera» egin duela azaldu zuen, «iruditzen zaidalako hori dela guri tokatzen zaiguna, eta ez larrutzea».

Colina ikasketaz kazetari ez den arren, elkarrizketa ugari egin izan ditu eta Rikardo Arregi Kazetaritza Saria ere esleitu zioten orain bi urte. Sortzailearekiko eta bere lanarekiko errespetua erakusten eta «Google kazetaritzari» uko egiten ahalegindu izan dela esan zuen, eta bere buruari elkarrizketatuarekiko interesa zerk pizten dion galdetu izan diola esan zuen: «Badakit oso gauza logikoa dela, baina uste dut ez dela egiten». Gaurkotasunaren zurrunbiloari iskin egiten ere ahalegindu izan dela aipatu zuen, «uste baitut bertsolari txapelketako irabazlearekin elkarrizketak, adibidez, askoz interesgarriagoak direla lau hilabete beranduago».

Alde horretatik, kultur kazetaritzak kirol kazetaritzarekin duen paralelismoaz jardun zuen: «Prebia, txapelketaren kronika eta elkarrizketa. Hori da eredua. Eta disko edo liburu aurkezpenak Urrutiak fitxaketa berria aurkezten duenean bezalakoak dira: editorea eta sortzailea daude, bi hitz egiten ditu... Oso pauta deportiboak dira eta ez nago konbentzituta hori denik kulturaren tempoa».

Gureak eta ez-gureak

Berri Txarrak-ek MTV sarietan parte hartu izanak sortutako iskanbila ere hartu zuten hizpide. «Iruditzen zait ez dugula ikasten. Debatea ez da bihurtu euskal kultura nola bihurtu ikusgai, debatea da: Berri Txarrak gureak dira edo ez dira gureak? Horren azpian ezkutatzen dena da jendea jainkotu egiten dugula gero egurtu ahal izateko, hori ari da bihurtzen gure kirol nazionala», esan zuen Colinak, eta Ubedak gehiegi maite ez dituen sare sozialetan jarri zuen begia: «Edozer gauzaren aurrean jendeak beti gainetik jarri nahi du eta kritikak egiten direnean... ze kritika ostia dira horiek?». Argudiorik gabeko adierazpenak, kritika baino gehiago, «kasketak» direla nabarmendu zuen, «zerbait mierda bat dela esatea ez baita kritika egitea», jarri zuen azpimarra.

Instituzioetatik sustatzen den kultura eredua ere izan zuten hizpide. Ubedak azaldu zuen liburu bat diruz lagundua denean “Jaurlaritzak diruz lagundua” leloa eraman behar duela, baina «Fagorri ere ematen diote eta nik hozkailuetan ez dut halakorik ikusten. Gero eta txikiago ari gara, instituzioek inbutu lana egiten digute eta dena jan egiten dugu, ez gara kexatzen». Laguntzen deialdietako oinarrietan ere «EAEn bizi edo jaio» dena lagunduko dela zehazten dela gogorarazi zuen, eta muga administratiboak lurraldetasunean eragiten duela nabarmendu zuen. Ubedaren iritziz, «lehenengo sinistu egin behar dugu euskararen lurraldea ez dela EAE eta Hendaia edo Iruñea ez direla periferia. Hori sinesten dugun egunean eta hasten garenean elkarrekin lan egiten gaindituko dugu hori guztia», amaitu zuen.