NAIZ+

Gabon-postalak, Bizipoza elkartearen boluntario sarea ehuntzeko

‘Keinu bakoitza, opari bikoitza’  boluntario sarea ehuntzeko kanpaina abiatu du Bizipoza elkarteak. Durangoko Azokan abiatu du, sormena lagun, eta Gabonetan izango du jarraipena bai sarean eta baita paperean ere.

Bizipoza elkartearen ekitaldia.
Bizipoza elkartearen ekitaldia.

Bizipoza Elkartearen boluntario sarea ehuntzeko kanpaina abiatu dute egunotan ‘Keinu bakoitza, opari bikoitza’ leloarekin.

Gabon-postal bereziak sortu ditu 33 elkarte batzen dituen Bizipoza Elkarteak, zehazki ostiralean Ibaizabal ikastolan egindako sormen-tailerrean. Bertan elkarteetako 40 haurrek egindako sormen-tailerrean osatutako irudiekin gabon-postalak egingo dituzte. Betiko posta bidez bidaltzeko paperezko 1.000 postal, zein posta elektroniko bidez bidaltzeko postal digitalak.

Euskaraz eta sorkuntzatik, izaera bereziko haur eta familiekin elkartasuna bizipozez lantzea da Bizipoza elkartearen egitekoa eta lan hori egin ahal izateko, boluntarioak behar dituzte; dela lan boluntarioa eginez dela ekarpen ekonomikoa eskainiz.

Boluntario-sare hori handitzeko kanpaina da 53. Durangoko Azokan sortu eta 2018ko Gabon jaiei begira abiatu duten hau.

Gabon-postal hauen helburua nork bere ingurukoei Gabon zoriontsuak opatzea da, bai paperean eta baita internet bidez. Eta bidez batez, Bizipoza Elkarteko boluntario-sarean parte hartzeko deia lau haizetara zabaltzea.

Datozen asteetan gainera, interneteko kanpaina egingo dute, sare sozialetan mezuak zabalduz eta posta arruntez zein elektronikoz euskal herritarrei Bizipoza Elkarteko boluntario izateko deia eginez.