NAIZ
GASTEIZ

EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, Euskobarometroaren arabera

EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak Euskobarometroaren azken datuen arabera, 31 legebiltzarkiderekin. Egun dituen 18 legebiltzarkideak mantenduko lituzke EH Bilduk, eta bi eserleku gehiago irabazita hirugarren postua kenduko lioke PSEk lau legebiltzarkide galduko lituzkeen Elkarrekin Podemosi.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Gasteizko Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Gasteizko Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Euskobarometroak urria amaieran eta azaroa hasieran egindako zundaketen arabera, EAJ suertatuko litzateke garaile balizko EAEko hauteskunde batzuetan, botoen %38,3ko babesa jasota eta 31 eserleku lortuta, egun dituenak baino hiru legebiltzarkide gehiagorekin beraz.

EH Bildu izango litzateke bigarren indarra Gasteizko Legebiltzarrean, botoen %23,1a jaso eta 18 legebiltzarkiderekin. Bigarren indarra litzateke koalizio independentista Gipuzkoa eta Bizkaian, betiere jeltzaleen atzetik, eta PPrekin lehiatuko luke postua Araban.

PSEk hirugarren indarra izateko aukera luke, boto-emaileen %13,5aren babesa jaso eta hamaika legebiltzarkide lortuta. Euskobarometroaren arabera betiere, bi eserleku gehiago lortuko lituzkete jeltzaleen koalizio-kideek.

Emaitzetan bera egingo lukeen alderdi nagusia Elkarrekin Podemos litzateke. Lau legebiltzarkide galduko lituzkete, botoen %10,3arekin zazpi erdietsiz eta herrialde guztietan atzera eginez.

PPk ere galera izango luke, bi legebiltzarkide galduta zazpirekin geratuz. Txanponaren beste aldea, ordea, Ciudadanos legoke, Gasteizko Legebiltzarrera sartzea lortuko lukeelako Araban erdietsitako legebiltzarkidearekin.

Parte hartzea %60aren azpitik geratuko litzateke.

Zundaketak urriak 15 eta azaroak 9 artean egin ziren eta 1.200 lagun izan ziren galdekatuak, 400 herrialde bakoitzean.