Jon Ormazabal

Gozatuz gozarazi dute Bengoetxea VI.a-Imazek Arrasaten (22-18)

Atzelariak ondo lagunduta, erakustaldia eman du leitzarrak giro bikaina izan duen Uarkape pilotalekuan.

Ezkurdia ez  da erasoan horren fin aritu. (Jaizki FONTANEDA/ FOKU)
Ezkurdia ez da erasoan horren fin aritu. (Jaizki FONTANEDA/ FOKU)

Lehiaketa hasi zenetik, ondo barneratua izan dute Oinatz Bengoetxeak eta Ander Imazek sufritzea egokituko zaiela kolpe handiagoko bikoteen aurka, baina euren aukerak ondo baliatzen dituzten pilotariak direla erakutsi dute Asegarcekoek gaur goraino bete den Arrasateko Uarkape pilotalekuan, bide batez, txapelketan bizi-bizirik daudela erakutsiz.

Aurreko astean erakustaldi handia egitetik zetozen Ezkurdia-Galarzak, aldiz, ez dute euren egunik onena izan eta Arbizukoak, gainera, akats larri bat egin du, partida 20-18 zela, sakez falta eginda. Pilotari botea lau eta erdian eragin ordez, lauan egin dio eta hala lortu dute gorriek partidako azken aurreko tantoa.

Ezbairik gabe, Oinatz Bengoetxea izan da partidako protagonista, erasoan sekulako erakustaldia eskaini baitu Leitzakoak. Ohitua dago nafarra haizea kontra duela jokatzen eta gaur Ander Imaz partidari eusteko gai izan denez, asko gozatu eta gozarazi du.

Oiartzuarrak zalantza batzuekin ekin dio partidari eta hala, 2-4 aurreratu dira Aspekoak, baina atzelari gipuzkoarrak gora egin du nabarmen, aurkariak ez dira bere ezkerra bilatzeko gai izan eta hala, bere aurrelariak jokoan sartzeko askoz aukera handiagoak izan ditu. Gehienean asmatu duenez, azkar hartu dute markagailuan agintea eta, azkenalderako zertxobait sufritzea tokatu zaien arren, garaipen handia eskuratu dute.