NAIZ+

Olentzero Picassenteko kartzelan, motxiladun haurrak gogoan

Motxiladun haurrak izan ditu gogoan Sortuk eta Gabon hauetan Picassenteko espetxera eraman du Olentzero bertan preso diren haurrek, euren ziegetatik ikazkin maitea ikus zezaten.

Olentzero Picassenteko kartzelara eraman du Sortuk.
Olentzero Picassenteko kartzelara eraman du Sortuk.

Egun bereziak dira hauek etxe askotan, Gabonen aitzakian mahaiaren bueltan esertzen dira senide eta lagunak janariaz eta konpainiaz gozatzeko. Haatik, une bereziki gogorrak dira hitzordu horietan kale egiten duten senideak daudenean. Euskal preso, iheslari eta deportatuak dituzten familiak egun hauetan biziago sumatzen dute urte osoko hutsunea eta horregatik, euskal presoak Euskal Herriratzeko aldarria ozenago entzuten da egunotan.

Sortuk kartzelan diren umeak izan ditu gogoan eta euren amaren aldamenean Picassenteko espetxean bizi diren haurrei Olentzero hurbildu nahi izan die. Astelehenean, opariak paperetan bildu, atondu eta Euskal Herria eta Picassenteko espetxea banatzen dituzten ia 550 kilometroak egin zituzten Olentzerok eta Mari Domingik.

Alicanteko kartzelako amatasun moduluan Aitziber Coello, Olatz Lasagabaster eta Idoia Mendizabal dituzte preso, eta haiekin euren hiru seme alabak. Euskal Herritik urrun Gabon gaua igaro behar zuten ume horiek euren ikazkin maitea ikusteko aukera izan zuten, izan ere, haien aurrean Olentzero erraldoi bat puztu zuen Sortuk.

Ekimenaren bideoa sarean zabaldu dute, urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan euskal presoen eskubideen alde egitekoak diren manifestaldietan parte hartzeko deialdiarekin batera.

Unai Gonzalez ‘Txino’ preso ohiak gogoan izan zuen atzo orain hamaika urteko Eguberri Eguna. Espetxean zen orduan gasteiztarra, «Jarrai haika Segi» auziagatik 6 urte eman zitruen preso. Egun hartan familiaren bisita jaso behar zuen Terueleko kartzelan, baina, bisitara zihoazela, bere familiak auto istripu larria izan zuen errepidean eta amaginarreba hil egin zen. Hamaika urteko hutsunea gogoratu nahi izan zuen atzo Gonzalezek Twitterren.

Mobilizazioak han eta hemen

Egunotan Euskal Herri luze zabalean asko eta asko dira euskal presoak gogoan egiten diren ekimenak. Elgoibarren, Berroizarren, Lezon, Uharten edota Usurbilen euskal preso politikoen etxeratzea aldarrikatu zuten.