Idoia ERASO
BAIONA

Ipar Euskal Herriko 150 hautetsi baino gehiagok deitu dute U-12ko mobilizazioan parte hartzera

150 hautetsi baino gehiago, horietatik 60 inguru auzapezak, dira datorren urtarrilaren 12an euskal presoen eskubideen alde Bilbo eta Baionan egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitu dutenak. Lapurdiko hiriburuan egin duten agerraldian, dispertsioak eragindako urteko lehen istripua ere salatu dute.

60 hautetsi inguru egon dira presente Baionako agerraldian. (@Artisans_Paix)
60 hautetsi inguru egon dira presente Baionako agerraldian. (@Artisans_Paix)

Agerraldia egin dute larunbat goiz honetan Baionan Ipar Euskal Herriko 60 hautetsi inguruk, datorren urtarrilaren 12an Bilbon eta Lapurdiko hiriburuan euskal presoen eskubideen alde egingo diren mobilizazioei euren atxikimendua adierazteko.

Lucien Betbeder Auzapezen Biltzarreko lehendakariak eta Alice Leiciagueçahar Eskualdeko kontseilariak hartu dute hitza Mixel Berhocoirigoin bakegileak eta Bake Bideako Anaiz Funosasek aurkeztu duten agerraldian, non 150 hautetsik baino gehiagok –horien artean 60 auzapez– izenpetu duten deialdia irakurri duten.

Azaldu dutenez, baina, lehen izenpetzaileak baino ez dira gaur argitara eman dituztenak eta, ondorioz, atxikimenduak biltzen jarraituko dute datorren urtarrilaren 12a bitarte. Manifestazioaren ondoren ere bilkurekin jarraituko dutela adierazi dute Iker Elizalde Hendaiako zinegotziak eta Emilie Dutoya Eskualdeko kontseilariak eramaten ari den lana zertan datzan azaldu dutenean. «Mintzatzea eta trukatzea da xedea, aurrera begira zer egin beharko litzateken amankomunean aitzinatzeko» baieztatu du Elizaldek.

Hautetsiek izenpetu duten dokumentuak 2018ko ekaina bitarte 25 preso Euskal Herrira hurbilduak izan zirela eta 36 presotatik 22ri DPS-a kendu zitzaiela goraipatzen du eta, ondorioz, 2017an Gobernu frantsesarekin irekitako bitartekaritza berriz abian jartzea eskatzen du. «Elkarrekin egin dezagun bidea presoen hurbiltzeko eta eri edo kondena bukaeran direnak askatzeko», dio dokumentuak.

Era berean, bake «indartsu eta iraunkor» bat ezartzeko ezinbestekotzat jo dute presoen nola biktimen egoera kontuan hartzea. «Ez ditugu iraganeko zauriak alde batera uzten baina etorkizuna modu lasai eta bare batean eraiki nahi dugu». Hori hala, presoen oinarrizko eskubideak aplikatzea eskatzen dute.

Era berean, Euskal Elkargoko hautetsi ezberdinek bere sostengu pertsonalak ere adierazti dituzte. Kotte Ecenarro Elkargoko lehen lehendakariorde eta Hendaiako auzapeza, Daniel Olçomendi Turismo kontseilaria eta Izurako auzapeza, Francis Gonzales lehendakariordea eta Bokaleko auzapeza, Bruno Carrere Kultura kontseilaria eta Uztaritzeko auzapeza, Jean-François Irigoyen kontseilaria eta Donibane Lohizuneko auzapeza, Battitta Laborde Mendiaren ardurako kontseilaria eta Sarako auzapeza, Martine Bisauta lehendakariordea, Alain Iriart Sanemendu kontseilaria eta Hiriburuko auzapeza, eta Michel Veunac lehendakariordea eta Biarritzeko auzapezak mintzatu dira.

Maite Etcheverria Ozazeko auzapezak ere hitza hartu du, eta berak hurbilketari dagokionez emakumeek pairatzen duten egoera gogora ekarri du, Euskal Herritik hurbil emazteentzako presondegirik ez egonagatik «kondena bikoitza» sufritzen dutela salatuz.

Azkenik, Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoaren lehendakariak hartu du hitza, urtarrilaren 12ko mobilizazioaren zergatia eta garrantzia azpimarratzeko. «Estatuaren autismoa» salatu du, Aietetik ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen duelako, eta «entzun, ulertu eta Euskal Herrian legedia aplikatu» behar dutela aldarrikatu du.

Etcheverriak eta Etchegarayk agerraldia baliatu dute Garikoitz Aspiazuren neska-lagunak eta haien bi urteko haurrak asteon izan duten istripua salatzeko. Arlesen dute preso Aspiazu, Euskal Herritik 665 kilometrora. 2018ko bilana ere egin du zazpi istripu eta 15 biktima izan direla gogora ekarriz.