'Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk. Hernani, 1960-2018' izeneko txostenean, 662 kasu eta 416 biktima jaso ditu Aranzadik. «Ez daude guztiak, eta egia osatzeko lanean jarraituko dugu», azpimarratu dute bai herriko alkateak eta bai ikerketa lana egin duen Javier Brucesek.
Udaleko ordezkarien ondoan egon dira Aranzadiko kideak, Bruces bera eta Paco Etxeberria, baita txostenean testigantza eman duten hiru lagun ere, Juan Jose Uria (1979 eta 1983 artean Hernaniko alkate izan zena), Jose Ramon Lasarte (EAJko zinegotzia 1991 eta 2003 artean) eta Jose Morcillo (PSEko zinegotzia 1979 eta 2007 bitartean).
Luis Intxauspe alkateak eta Aranzadiko kideek txostena eman diete hirurei. Intxauspek oroitu duenez, 2015ean, Memoriaren Monumentua inauguratu zuten eta lehenengo urratsa izan zen hori oroimen historikoaren berreskurapenaren bidean. Gaurkoa, bigarren mugarria da. «Biktima guztiei gure errespetua, dolumina eta babesa adierazi nahi diegu», erran du Udaleko ordezkari guztien izenean. «Egia hemen dugu –erantsi du txostena erakutsiz–. Orain, erreparaziorako bideak adostea da gure erronka».
Paco Etxeberriak memoria historikoa (36ko Gerra eta gerraondoa) eta memoria hurbila bereizi ditu (Gogora institutuak erabaki zuen hori egitea). Oroimen hurbilari heldu diote lan honetan. «Gauzak gainditzeko aitortu egin behar dira eta, aurretik, ezagutu. Guk ez dugu interpretatu, deskribatu baizik, gertatutakoa ezagutzeko. Denen artean aitortzea falta zaigu. Gero, agian, gainditzeko moduan egongo gara», azaldu du.
Azkenik, Javier Brucesek zenbakiak eman ditu. «Baina ez nahasian, urraketa motaren arabera sailkatuak baizik. Hala eginez, eta ez egilearen arabera, inor ez ahaztea lortu nahi izan dugu», agertu du. «Ez da lan erraza izan. Tresna inportantea izango da egia jakiteko. Gogorra da, sufrimenduz betea dago, baina beharrezkoa da. Fase bat itxi dugu honekin baina jendea falta da proiektuan. Denbora behar dute pertsona horiek eta guk itxarongo diegu», baieztatu du.