NAIZ
GASTEIZ

‘AHTrik Ez Lautada’ plataformako kideek elkartasuna eta babesa eskatu diote Arartekoari

Administrazioaren aurrean Arabako «Lautadako biztanleriaren gehiengoaren babesa eskatzeko» Arartekoarekin bilera egin dute ‘ATHrik Ez Lautada’ plataformako zenbait kidek.

Ohar baten bitartez, Arartekoarekin izandako bileraren berri eman dute ‘AHTrik Ez Lautada’ plataformako kideek. 

Gogoratu dute Gasteiz eta Iruñea Lautadatik lotuko lituzkeen proiektuak «inpaktu sozial, ekonomiko eta ekologiko» larria eragingo lukeela eta, horrez gain, Gobernu espainiarraren azpiordezkaritzan 7.000 alegazio baino gehiago entregatu zituztela haren aurka. Proiektua gaitzesteko mobilizazio jendetsuak ere egingo dituztela azpimarratu dute. 

Nabarmendu dutenez, Manu Lezertua buru duen erakundera jo dute, elkartasuna eskatzeko, Abiadura Handiko Trenaren aurkako babes soziala «oso handia» den arren, administrazio publikoek proiektua oraindik eten ez dutela salatzeko. 

Administrazioen aurrean Lautadako herritarren «gehiengoa» babes dezala eskatu diote Arartekoari, bizilagunak «proiektu jasangaitz» horren aurka daudelako eta «Europako Kontu Auzitegiak berriki eskatud uen moduan, egungo trenbidearen azpiegiturak berriztatzearen alde egiten duelako». 

Era berean, plataformako kideek iragarri dute datorren astean, otsailaren 6 eta 7an, abiadura handiaren ereduari buruzko txostena egin duten David Hoyos eta Gorka Buenorekin batera, AHTren aurkako zenbait plataformetako kideak Bruselara joango dira, Europako Batzordearekin biltzeko.