Parlamentuan dauden alderdi guztiek hartzen dute parte Lan eta Justizia Batzordean eta gaur talde guztietako ordezkaritza batek Zaballako espetxera egin du bisita, hura barrutik ikusi eta kudeaketa ereduari buruzko xehetasunak bertatik bertara jasotzeko.
Bisitaren ostean kaleratutako ohar batean, EAJk espetxeen kudeaketaren eskumena transferitzeko beharra azpimarratu du, «legean jasota» dagoelako. «Gure taldearentzat lehenetsi beharreko gaia da eta berdin da Eusko Jaurlaritzarentzat, hala jasota dagoelako bere konpromisoen artean eta PSE-EErekin izenpetu genuen akordioan adierazi ziren lehentasunen artean», adierazi dute jeltzaleek.
EAJren iritziz, «ez dago arrazoirik atzeratzea edo legea bete gabe uztea justifikatuko duenik. Legea bete egin behar da eta Estatutua legea da, batzuek komeni zaienean soilik gogoratzen badute ere».
EH Bilduren legebiltzarkide eta batzordeko presidente den Jone Goirizelaiak ere transferentzia gauzatzeko premia jarri du mahai gainean.
«Ondo egiten diren gauzak» ikusi dituztela nabarmendu du, baina jarraian aipatu du badaudela, eskumena berton izanda «hobeto eta beste era batean» egin daitezkeen gauza batzuk.
Legebiltzarkide ez denez Zaballara joan ez den arren, espetxeen eskumenaz mintzatu da Arabako PPko presidente Iñaki Oyarzabal ere. Bere esanetan, «ez da unea» transferentzia hori gauzatzeko.