@gara_miantzi
Donostia

Antologia, dokumentala, biografia, omenaldi-ekitaldia... Zabalik da «Txillardegialdia»

Ekitaldi polita egin dute AEK-Korrika, EHU eta 'Jakin'ek hemen eta orain «Txillardegialdia» zabaltzen dela iragartzeko. Auzolanean garatu dute eragileok «batasunaren pentsalari» gisa definitu duten Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'ren omenaldia, larunbatean Musikenen izanen dena. Horretaz gain, hiru liburu antologiko eta biografia eta dokumental bana aurkeztu dituzte.

Txillardegiren omenaldia, filma eta liburu bilduma prestatu dutenak, EHUren Carlos Santamaria liburutegiko aurkezpenean. [Gorka RUBIO/FOKU]
Txillardegiren omenaldia, filma eta liburu bilduma prestatu dutenak, EHUren Carlos Santamaria liburutegiko aurkezpenean. [Gorka RUBIO/FOKU]

AEK-Korrika, 'Jakin' eta EHUk bat egin dute aurten, Txillardegi zendu zenetik zazpi urtera, hamaika bide urratu zituen pentsalaria omentzeko erabakian. Korrikak zainetan darama auzolana eta halaxe garatu du, Jakin, EHU eta Txillardegi Liburutegia herri ekimenekoekin sinergiak batuz, larunbat honetan izanen den ekitaldia, 19.00etan Donostiako Musikenen. Pianojolearen gustuko piezak adituko dira eta familiak oroigarria jasoko du, egindako ekarpen guztiaren esker onez. Amaitzeko, Kote Camachok sortutako 'Txillardegiren KLIKA' dokumentala emanen dute. Sarrera doakoa da eta nahi duenak ekitaldiak@korrika.eus helbidera idatzi eta gonbidapenak eskatzea bertzerik ez du.

Gaur goizean aurkeztu dituzte omenaldi-ekitaldia eta ikus-entzunezkoa, liburu-bildumarekin batera, EHUren Carlos Santamaria Zentroan, Donostian. Asier Amondo 21. Korrikaren arduradunak adierazi duenez, hiru aldiz egin zuen klika Txillardegik: erdaldun izatetik euskaldun izatera pasatuz, euskal literatura modernizatuz eta euskara batuaren sortzaileetako bat izanez. Mahaikide guztiek bezala, Jon Zarate EHUko Euskara arloko errektoreordeak pentsalariaren ekarpen zabala goraipatu du, eta unibertsitatetik euskararen alde egin zuen lan militantea nabarmendu.

'Jakin' aldizkariko zuzendariak, Lorea Agirrek, 'Txillardegialdia' hitza erabili du 2019 hau Txillardegiren urtea izan daitekeela azaltzeko. Erran duenez, 'Jakin'entzat hagitz inportantea da pentsalari hau; aldizkari hau izan zen lehena berak proposatutako hizkuntza batasunaren lehen arauak ontzat eman eta aplikatzen. «Beti izan gara bere oso fan».

Txillardegi deskubritu egin behar dela agertu du. «Aldiro deskubritzen duzu zerbait harrigarria eta berria. Harrigarria da noraino iritsi zen teorizatzera eta batez ere praktikan jartzera». Hagitz gaurkoa den euskalduntasun berri bat proposatu zuen.

Lau liburu

'Jakin'ek obsesio du pentsamendua sortu, plazaratu eta eztabaidatzea, baita aurrekoen transmisioa eta sozializazioa egitea ere. 'XX eta XXI. mendeko pentsamenduaren transmisioa' proiektuaren barrenean sartzen dira gaur aurkeztu dituen lau liburuak, EHU eta 'Jakin'en artean sortutako 'Dabilen pentsamendua' bildumakoak, baita dokumentala ere. Alaitz Aizpuruk egin du antologia eta lan handia izan da, idazlearen milatik gora testuen artean aukeratu behar izan baitu, irakurri, ulertu eta kontestuan jarri. Hiru antologia aurkeztu dituzte gaur, bakoitza arlo baten ingurukoa: euskara batua, nazio auzia eta hizkuntzaren filosofia. Aditu banaren hitzaurreak dituzte, Joan Mari Torrealdai, Joxe Manuel Odriozola eta Iñaki Zabaletarenak, hurrenez hurren. «Nola ekarriko dugu Txillardegi gaur egunera? Zein ideia erabilgarri ditu?». Galdera horri erantzuten diote. Eta ideia aunitz daude balia daitezkeenak. Aitzinerago bertze hiru ale kaleratuko dituztela iragarri du Agirrek.

Miren Rubio 'Jakin'eko kideak 'Txillardegi. Batasunaren pentsalaria' biografia idatzi du. Erran duenez, pieza guztiak bateratzen saiatu da, argazki oso bat ateratzeko. Eta 'batasunaren pentsalariaren' irudia ikusi du argazki horretan. «Eredu bat errepikatzen da: elkarlanean aritzea, adostasunetik. Horren adibide da euskara batua nola sustatu zuen: aldeko pentsalariak elkartuz, ETAkoak, elizakoak... askotarikoak. Era eta aldi berean bultzatu zuen fronte abertzalea».

Zailtasunen artean, aitzindari izaera aipatu du Rubiok: autodeterminazioa, herrigintzaren ideia berri bat, ahozko euskara batuaren kongresua (orain egitekoak direna)... Beti elkarrekin nola egin pentsatuz. Bere bizitza bera zailtasun bat zen, erbestetik erbestera ibili baitzen, 28 etxebizitzatan bizi izateraino. Hurbilekoen hitzak ere jasotzen dira liburuan, bereziki gaurko ekitaldian familiarekin batera publiko artean zen Jone Forcada alargunarenak.

Hainbertze gorazarrerekin pertsonaia pixka bat 'jainkotu' daiteke, baina Kote Camachoren 'Txillardegiren KLIKA' dokumentala ez doa bide horretatik: hurbileko pertsona bat erakusten du. 14. Korrikak Txillardegiri grabatutako elkarrizketa bat oinarri hartu du egileak eta inoiz argitaratu gabeko grabazioak ere topatu ditu Euskadiko Filmategiko eta ETBko artxiboetan.