NAIZ+

Zararen «trapu zikinak» josiz, greba feminista harilkatuz

Datorren martxoaren 8ko greba feminista deitzeko, Zara multinazionalaren atarian eseri eta josteari ekin diote zenbait emakumek giza eskubideak zapaltzen dituzten multinazionalen «trapu zikinak» zabaltzeko.

Ecuador Etxeak partekatutako irudia.
Ecuador Etxeak partekatutako irudia.

Datorren martxoaren 8rako 24 orduko greba deialdia egingo du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Iaz proposatutako lau orduko bi lanuztetik, egun osoko greba egitera deituak daude Euskal Herriko emakumeak.

Irailaren 22an Gasteizen egindako bileraren ostean jakinarazi zuten egun guztiko greba deialdia egingo zutela. Ordutik asanblada eta bilera ireki anitz egiten ari dira herriz herri greba feminista antolatzeko.

Aurten bost ardatzetan antolatuko dute greba: pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegu eta kontsumo Greba Feminista izango da.

Motorrak berotzeko ekimenak egiten ari dira han eta hemen. Bilbon adibidez, Zara multinazionalaren atarian eseri eta josteari ekin zioten zenbait emakumek Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta. Ekimenarekin, giza eskubideak zapaltzen dituzten multinazionalen «trapu zikinak» zabaltzeko. Datorren martxoaren 8ko kontsumo grebarekin bat egitera deitu dituzte emakumeak.

Martxoaren 8an komertzioak istera deitu nahi ditu aurten Euskal Herriko Mugimendu Feministak.

Aurten, gainera, zaintzaren gatazka erdigunean ipini nahi du Mugimendu Feministak. Horregatik, «etxeko eta zaintza lanetan, soldatapean zein modu doakoan, dauden emakumeekin* aliantzak sortzera, estutzera eta indartzera» doa eta lan hauek azaleratzeko moduak bilatzen ari dira. Bestetik, Martxoaren 8an bertan, gizonei zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea eskatzen diete.