naiz

Sakanan egiaztatutako 149 tortura kasuei «argia» emanen diete, hilaren 16an, Iturmendin

Sakana bailaran, 1960 eta 2014 bitartean, 149 tortura kasu egiaztatu dituzte eta «torturaren errealitatea iluntasunetik argitasunera igarotzeko» ekitaldia eginen dute, otsailaren 16an, Iturmendi. Era berean, nafar Gobernuari Sakanan eta, oro har, lurralde osoan «eman den errealitate hau lehenbailehen iker dezan» eskatu diote.

1981eko otsailaren 13an, torturen ondorioz hil zen Joxe Arregi eta ordutik torturaren aurkako egun gisa gogoratzen da egun hori
1981eko otsailaren 13an, torturen ondorioz hil zen Joxe Arregi eta ordutik torturaren aurkako egun gisa gogoratzen da egun hori

«Urteak dira Sakanan torturaren errealitatea iluntasunetik argitasunera igarotzeko pausoak egiten ari garela. Torturaren errealitatea ikertu ahala 117 zenbakia zaharkituta geratu zaigu, dagoeneko 149 tortura kasu egiaztatuak ditugu eta», adierazi du Sakanako Sortuk ohar baten bidez.

1981eko otsailaren 13an, torturen ondorioz hil zen Joxe Arregi eta ordutik torturaren aurkako egun gisa gogoratzen da egun hori.
 Sortuk jakinarazi duenez, 1960 eta 2014 bitartean, Sakanan, 149 tortura kasu daude erregistratuta.

«Benetako erreparazioa eman dadin, tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu beharra dago», iritzi du Sortuk. «Bake prozesu integral bat bultzatu behar dugu, urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikustaraziz eta aitortuz, ez errepikatzea berma dadin». Zentzu horretan, nafar Gobernuari Sakanan «eman den errealitate hau lehenbailehen iker dezan» eskatu diote.

Bide horretan, «iluntasunetik argitasunera pauso berri bat emateko asmoz», otsailaren 16an, 13:00etan Iturmendiko plazan ekitaldia egingo dute eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.