NAIZ
GASTEIZ

Azken atxilotuak aske utz ditzatela eskatu dute Gasteizen

Sortuk deituta manifestazioa egin dute arratsaldean Gasteizen asteon atxilotu eta espetxeratu dituzten Galder Barbado eta Aitor Zelaia aske utz ditzatela eskatzeko. «ETA desagertua izanik ere Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa agerian uzten dute» atxiloketa hauek, Oihana San Vicente Sorturen Arabako koordinatzaileak salatu duenez.

Gasteizko manifestazioaren burua. (@ernaigazte)
Gasteizko manifestazioaren burua. (@ernaigazte)

Sortuk deituta manifestazioa egin dute iluntzean Gasteizen Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarren atxiloketa eta espetxeratzea salatzeko. Leloa, «Aski da. Utzi Euskal Herria bakean».

Manifestazioaren amaieran Sorturen Arabako koordinatzaileak hartu du hitza. Oihana San Vicentek babes keinu bat igorri die bi espetxeratuei eta neurri-bitasuna salatu du hitzartearen lehen zatian. Gogoratu baitu, «Amurrion madero batek familia abertzale baten kontra ustez tiro egin eta ero etxean lasai» dagoen bitartean «bi gazte militante espetxe zikin batean« dituztela «argudio judizial eta politiko hain ahulekin».

San Vicenteren hitzetan, «ETA desagertua izanik ere honelako erasoek gatazka bere horretan dirauela argi erakusten digute», bere hitzetan «independentziarako grina baita estatuek onartzen ez dutena».

Sorturen ordezkariak adierazi du Euskal Herriak aurrera egiten duela eta ez dagoela «ez poliziarik, ez kartzelik geraraziko gaituenik». Bi atxilotueak «egunero euren onena ematen duten milaka pertsona horien adierazle» direla azpimarratu du.

Bi atxilotuen mezua ere iritsi da manifestaziora, «gogotsu gaude, indartsu. Mila esker helarazi diguzuen elkartasunagatik, jarrai dezagun borrokan», esan dute Soto del Realetik.