Bertsolari asko eta onak ezagutu dituen plaza da Ariatzakoa. Elkartean eta eskolan makina bat bertso saio eta afari egin izan dira. Baina inoiz ez da horrenbeste bertsolari eta zale batu. Jon Lopategiri emaniko azken agurrak eliza barru eta kanpoa jendez bete zituen. Seiak baino ordubete lehenago sumatzen zen dagoeneko ekitaldi handia izango zela Baltzaren agurra.
Kulturgintza eta herrigintzako jende ezagun ugarik eman gura izan zion azken agurra zendu berri den Lopategiri. Elkar agurtu, besarkatu, kontu zaharrak oroitu eta giro onean agurtu zuten Muxikako bertsolaria. Lopategirena bera bezala, Ariatza auzoko bertsolari familia handia da enbeitatarrena ere, eta atzokoan batek ere ez zuen hutsik egin agurrera. Kepa eta Abel Arabatik sorterrira, Jon eta Moises Gernikatik bertatik, Onintza Enbeita Bizkaiko txapelduna ere gertutik. Eta batekin eta bestearekin aritu ziren bertsolariak. Enbeitatarrekin ikusi genuen Athleticeko atezain Jose Anjel Iribar ere. Handik hurbil zeuden Arnaldo Otegi eta Ibon Arbulu, lagun eta ezagunak agurtzen. Unai Iturriaga eta Igor Elortza musikari artean zeuden berbetan, Mikel Urdangarin, Josu Zabala eta Alex Sarduirekin, besteak beste. Xabier Amuriza eta Arantza Plaza, Aritz Lopategi agurtzen eta bertsolari gazte asko inguruan.
Eliza barrua ere gainezka. Lau abade agurra ematen eta tartean, Luis Baraiazarra eta Patxi Uribarren kultur gizon eta euskaltzale ezagunak. Meza bukatutakoan Jon Enbeitak korutik azken bertsoa kantatu zion Lopategi auzokideari: «Herria ere hemen daukazu begira, egindako guztia eskertzen ari da», bota zuen. Ostean, Aitor Mendiluzek eta Etxahun Lekuek hartu zuten mikrofonoa. Mendiluzek gogora ekarri zuen Lopategik «isildutako beste askori» ahotsa eman ziela. Etxahun Lekue Lopategiren ehunka ikasleetako bat izan zen, hori gogora ekarri eta «guk botatako bertso bakoitza, zurea ere bada ta» agurtu zuen. Azkenik Juan Mari Areitio eta Anton Mari Aldekoa Otalora iurretarrek bi bertso jarri kantatu zituzten bi ahotsetan. «Gure plazetan kantatu ditu, zenbat bertso ikaragarri, iheslari eta presoen alde kantatu duena sarri, iraganaren zutabe eta etorkizunan oinarri», zioen lehenengoak. «Zure izena urrezko letraz orain goaz idaztera, Urretxindorra, Xenpelar eta Xalbadorrekin batera», azkenak.