Mikel Zubimendi

Afganistan itsaso gorri betean odolustutzen

Gerra hau ezin daiteke irabazi, baina gerra honekin diru asko irabaz liteke. Eta afganiarrak ordaindu behar dute preziorik altuena: inoizko heriotza kopuru handienarekin.

Afganiar talde bat AEBen bonbardaketa batean hildako zibilen hiletan. Nissar Ahmad (AFP)
Afganiar talde bat AEBen bonbardaketa batean hildako zibilen hiletan. Nissar Ahmad (AFP)

Nazio Batuen Erakundeak Afganistanerako duen misioak (UNAMA) ezagutzera emandako datuek oilo-larru jartzen dute edonor: azken hamarkadan ez da halako zibilen heriotza tasa alturik sekula ezagutu. Urtean %11 batean gora eginda, zorigaitzeko errekor historikoa hautsi da. Mundua beste gerra eta gatazka batzuei begira den garai hauetan, gerra amaigabean odolustutzen ari da Afganistan. Inorrek irabazi ezin dezakeen eta inorrek amore emango ez duen kiribil hilgarrian harrapaturik.

AEBak eta NATO erakundeko eta beste aliatu batzuen 40 herrialdeko koalizioak diren eta ez diren arma sofistikatu eta boteretsuenak dituzte. Milaka militar entrenatuak, mota guztietako ibilgailu blindatuak, aire nagisitasun erabatekoa, satelite espien konstelazio bat talibanaren komunikazioak zelatatzeko, mundu industrialeko logistika osoa, milioika milioi dirutan… Eta sinesgaitza dirudien arren maindireak soinean eta sandaliak oinetan dituen insurjentzia batekin ezin dute amaitu.

Arrazoiak asko eta askotarikoak dira. Irabazpide militar argiak ez egon arren, eta AEBtako milaka soldadu eta mertzenarioren biziak galdu diren arren, kontua da ekonomikoki errentagarria dela gerra hau. Industria militar handi bat sostengatzen duela AEBetan, bertan lan egiten duten milaka estatubatuar etxe handi eta kotxe on puska batzuekin bizi ahal daitezkeela. Eta are, opioaren komertzio globala Afganistanen finkatzen dela eta berriki aurkitu diren mineral depositoak erraldoiak izanik, ekonomikoki gerra oso gutiziagarria zaie.

Eta bitartean afganiarrak prezioa ordaintzen dihardute. Bigarren Mundu Gerra geroztik gerrak desplazatuta eta emigraziora behartutako bigarren herri handiena dira, AEBak bertan ezarri dieten kleptokrata basati batzuen pean egotera behartu dituzte, eskolaratzeak ez du gora egiten eta heriotzak noiznahi eta nahinondik etortzen zaie, milaka eta milaka herritar harekin batera eramateko.

Sakrifizioak ez du santifikatzen, eta milaka inbasorek bertan bizia utzi badute ere, eraiki duten errelatoa gezur handia dela demostratu da. Ez da Afganistan askatu eta demokratizatzeko ahaleginik egon, Al Qaedaren babeslekuaren mitoa bere pisuz erori da eta badute garaia, egoerak okerrera egin baino lehen, trasteak hartu eta Afganistanetik ospa egiteko.

Horri begira, talibanak eta AEBak zuzenean ari dira negoziatzen. Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan. Bakea posible da Afganistanen, beti izan da posible. Gerra, eta, batez ere, gerra justifikatu eta sostengatzen gezurrak bukatu behar da horretarako. Hori eta geroa eta erabakia afganiarren esku uztea dira gakoak.