NAIZ

Bixintxo Bilbaori ezarritako zigorra bertan behera uzteko eskatu du Lakuak

Lakuako Gobernuko Kirol zuzendaritzak gutuna igorri dio Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari Bixintxo Bilbaori ezarritako zigorra bertan behera uztea eskatuz. Iazko Munduko Txapelketa irabazi eta ikurrina eskuan ospatu zuelako zigortu dute pilotari lapurtarra. EH Bilduk hiru euskal instituzioen esku hartzea eskatu du zigorra bertan behera gera dadin. 

Bixintxo Bilbao iazko finalean ikurrina eskuan. (FFPB)
Bixintxo Bilbao iazko finalean ikurrina eskuan. (FFPB)

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Bixintxo Bilbao pilotari lapurtarrari ezarritako zigorrak hautsak harrotu ditu. Iazko Munduko Txapelketa irabazi zuen ziburutarrak eta ikurrina eskuan ospatu zuen, legez Frantziarekin jokatu behar izanda ere bere jatorria aldarrikatuz. 

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Gasteizko Legebiltzarrean eta Lakuako Gobernuari zigor hau bertan behera gera dadin esku hartzeko eskatu dio. Gainera, Nafarroako Gobernuarekin eta Euskal Elkargoarekin batera «Nazioarteko Pilota Federazioarengana jo» eta «behar diren gestioak egin ditzan» eskatu dio zigorrik egon ez dadin. 

Lehen urrats bat izan da gaur bertan bide horretan, Lakuako Gobernuko Kirol zuzendaritzak gutuna bidali baitio Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari zigorraren ezarpena salatuz. Jon Redondo da bertako zuzendaria eta adierazi du ez dutela uste hamabi hilabeteko zigor hori legezkoa denik, gainera «euskal pilotaren jardueran esku hartzen dugun eragile guztion giro ona sustatzeko» kaltegarria dela dio. Redondok adierazi du «ulertezina» dela ikurrina ateratzea «arau-hauste larri» gisa hartzea, «ikurrina nazioartean modu ofizialean aitortutako lurralde baten sinboloa» den neurrian. 

Lakuako Kirol zuzendaritzak uste du ez dagoela ikurrina erakustea debekatzen duen araurik eta horregatik Bilbaori ezarritako zigorrean ez dela artikulu zehatzik aipatzen.