Maite Ubiria
Baiona

EH Baik boto askatasuna emanen die bere kideei Europako bozetan

Euskal Herria Baik ez du hautagaitzarik aurkeztuko heldu den maiatzaren 26an izanen diren Europako hauteskundeetan. Iragan abenduan bere biltzar nagusiak emandako aginduari jarraituz, azken bi hilabeteetan aukera ezberdinei buruz kudeaketa egin du zuzendaritzak. Horren ondoren, barne bozketa egin du koalizioak, bi egunez. Bere kideen %57 boto agindurik ez ematearen alde azaldu dira. Prozesuaren nondik norakoak azaldu dizkio NAIZ-i Anita Lopepe bozeramaileak.

Anita Lopepe, EH Baiko bozeramailea. (Jon URBE / FOKU)
Anita Lopepe, EH Baiko bozeramailea. (Jon URBE / FOKU)

Euskal Herria Baik ez du zerrenda propiorik aurkeztuko eta ez da beste hautagaitza baten partaide izanen ondoko Europako hauteskundeetan. Astelehen eta asteartean eginiko barne bozketak utzitako emaitzari so eginez, koalizio abertzale, ezkertiar eta ekologistak boto askatasuna emanen die bere kideei Europako hauteskundeei begira.

Iragan abenduan eginiko biltzar nagusiak agindu zehatza eman zion koalizioaren zuzendaritzari:  aukera ezberdinei buruz kudeaketa egin eta militantziari horien artean hautatzeko azken hitza eman. Finean, hiru aukera ziren mahai gainean. Lehena, bere kide batekin Europa Ekologia (EE)-Eskualde eta Herri Solidarioak (RPS) zerrendan parte hartzea; bigarrena, EE-RPS zerrendaren alde bozkatzea; eta, azkena, boto agindurik ez ematea.

Izan ere, bozketa egin aitzin, Europa Ekologiak (Europe Ecologie) aurkeztuko duen zerrendaren baitan kide bat izateko aukera bat-batean itxi zen. Hartara, EErekin batera aurkezten den Eskualde eta Herri Solidarioak (Régions et Peuples Solidaires) federazioak François Alfonsi hautatu zuen bere hautagai gisa Jannick Jadot ekologistak gidatuko duen zerrendako kide izateko.

Hala eta guztiz ere, EH Bairi zerrendan parte hartzeko eskaintza luzatu zitzaiola baieztatu dio NAIZ-i Anita Lopepe koalizioko bozeramaileak. Hala ere, bere erranetan, koalizioak ez zuen tarterik ukan bere militantziari galdera pausatzeko aukera hori baliatu ahal izateko.

RPS baitan negoziazioak aski zailak izan omen dira eta egutegia hertsia zela ikusirik, hautagai korsikarrak bere urrats propioa egin zuen Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko lehendakari den Lucien Betbederri bere zerrendako partaide izateko gonbidapena bere kasa luzatuz.

Lekorneko auzapezak proposamena ontzat eman ondoren, aukerak murriztu ziren, bistan da, EH Bairentzat, eta horrek barne bozketan eragin nabarmena izan duela uste du Lopepek. Finean, botoa emateko eskubidea zutenen erdiek baizik ez dute barne kontsultan parte hartu.

Botoa eman dutenen artean, %31k RPS-EE hautagaitza babestearen alde egin du eta %57 boto askatasuna ematearen alde azaldu da.

EH Bildu sostengatuz

Gauzak horrela, EH Baik ez du frantses estatu mailako zerrenda baten alde kanpaina eginen. Hala ere, Europako hauteskundeen garaian ez du plaza hutsik utziko. Izan ere, kanpainan presente izanen da, hala nola EH Bildurekin bat eginez.

Lopepek nabarmendu duenez, «EH Bilduren eta EH Bairen arteko akordio estrategikoak Europako hauteskundeen karietara hainbat gairen gainean lanketa amankomuna egiteko konpromisoa jasotzen duenez, horri helduko diogu, jakinik euskal herritar gisa EH Bilduk aurkeztuko duen hautagaitza aukerarik errealena dela guretako Iparraldeko biztanleen lehentasunak Bruselan defendatzeko eta bertan hartzen diren erabakien berri zuzenean izateko».

Horrekin batera, «Europan garatzen den proiektua garrantzitsua izanik guretzat, ez dugu aukera galduko gure hitza hartzeko eskuin-muturraren gorakadaren aitzinean edo eremu sozioekonomikoan hartzen diren erabaki kezkagarriak salatzeko, baita gure babesa emateko ere Kataluniako herriari eta bere eskubideen alde eginen duten herri guztiei», gehitu du Lopepek.

Martxoaren 30ean, bilkura Lekornen

Izan ere, EH Bairen «jokaleku naturala» herri mailakoa izanik, udal bozetara daraman prozesuak  toki osoa hartuko du ondoko hilabeteetan bere agenda politikoan. Berebiziko garrantzia izanen duen 2020ko hauteskunde zikloa prestatzeko bilera eginen du martxoaren 30ean, Lekornen.

Herri anitzetan udal taldeek kudeatzen dute udal bozen prestaketa, gehienetan mugimendu abertzaletik harago elkarlana sustatuz. Izan ere, heldu den urteko bozek erronka berezia irudikatzen dute EH Bairentzat.

Herriko kontseiluak osatzeaz gain Euskal Elkargoko ordezkariak izendatuko dira lehen aldikoz. Horregatik, EH Baik azaldu duenez, «herri mailako dinamika babesteaz gain gure proiektua nahi dugu plazaratu, horrela lurralde osoari begira egitasmoa dugula agerian utziz».