Maite Ubiria
Baiona

Baionako bestetako afixa aurkeztu dute, Marjorie Goalarden lana

Marjorie Goalardek eginiko afixa izan da sostengu gehien jaso duena eta bere sorkuntza baliatuko dute Lapurdiko hiriburuak heldu den uztailaren 24tik 28ra iraganen diren bestak iragartzeko. Baionan sortutako artistak azaldu duenez, bestetako ikur bat edo beste hautatu baino «nik bestak bizitzeko dudan modua nahi izan dut islatu».

Marjorie Goarlardek eginiko diseinuak aurkeztuko ditu Baionako bestak.
Marjorie Goarlardek eginiko diseinuak aurkeztuko ditu Baionako bestak.

Goalardek koadro bat bezala landu du bere afixa, hainbat eszena bere baitan jasotzeko asmoz. Bestetako eremu edo sinbolo bat hobetsi ordez, besten karietara Lapurdiko hiriburuak bere baitan garatzen dituen paisaia ezberdinak erakutsi nahi izan ditu sortzez baionarra izan arren Dame Jeanne izeneko Bordeleko grafisten kolektiboko kide den artistak.

Bestazaleek badute toki berezia bere afixan, baita musika eta dantza ere. Izan ere, gutxitan aipatzen den kirolaren eremua ere presente bada, Baionako estropadaren bidez.

Bestetako batzordearen iritzia zein herritarrek emandako bota aintzat hartzen dituzte kartela hautatzeko orduan. Marjorie Goalardek irabazi du lehiaketa botoen %34,24 eskuratuta.  Orotara 10.702 herritarrek botoa eman dute hiriko besten afixa aukeratzeko prozesu parte-hartzailean.

Aurten 135 afixa aurkeztu dira eta horietatik bost sailkatu ziren finalerako. Gaur eguerdian eman dute jakitera lehiaketaren azkeneko emaitza, Herriko Etxean antolaturiko agerraldi batean.

Afixaren egileak 4.000 euroko saria eskuratuko du eta bertze lau finalisten kasuan 500 euro bakoitzak.