Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Kultur adierazpen garaikideak, hizkuntzaren historia kontatuz

Kontatu daiteke euskararen historia edo euskara batuaren bilakaera dantzaren bitartez? Euskaltzaindiaren mendeurrenean erronka horri aurre egin diote Aukeran dantza konpainiak eta hainbat sortzailek. Loraldiaren egitarauan, «Biz Hitza» euskara batuaren historia dantzatua eskainiko dute martxoaren 16an, Bilboko Arriaga antzokian. Elkarlanaren beste emaitza bat, euskaldunak eta oraindik euskaldundu barik daudenak kulturaz eta hizkuntzaz gozatzeko.

Euskararen tranbia, euskal kulturarena, Bilbon zehar dabil egunotan. Kultur emankizunak iragartzen, ekitaldien berri ematen, hiritarrak geltokiz geltoki garraiatzen. Lehen geltokia du Arriaga antzokikoa. Loraldiak hainbat emankizun eskainiko ditu bertan. Eta Kalaportu aurkeztu ostean, "Biz Hitza" dantza ikuskizunaren berri eman zuten Loraldiak eta Euskaltzaindiak.

Loraldiak gidatzen du tranbia, urte osoko lanak jendaurrean plazaratzeko asmoarekin, eta tren berean doaz sortzaileak, euskararen inguruko erakundeak, instituzioak eta publikoa. Arriaga antzokian taularatuko den euskararen historian bat egin dute Aukeran dantza konpainiak, Xabier Payak gidoilari lanetan eta Aitor Etxebarriak musika sortzen eta zuzenean. Bost dantzari, bost koreografia ordubeteko emanaldian. Imanol Agirre Loraldia jaialdiko zuzendari artistikoak adierazi zuenez, beraien asmoa «iraganetik abiatuta ekoizpen garaikide eta modernoak» egitea da. Kultur adierazpen ezberdinen bidegurutze honetan dantzariak, koreografoak, gidoigilea eta musikaria jarri dituzte lanean, “Biz Hitza” historia dantzatua sortzeko.

2010. urtean Boiseko euskal jaialdian kokatu zuen bere burua une batez Xabier Payak. Ameriketako Estatu Batuetan, eta diasporan oro har, euskaldunen bigarren belaunaldiek euskara galdu ohi dute, eta dantzari eutsi. Klak egin zion zerbaitek bertsolariari. Eta memorian gorde zuen. Edu Murumendiaraz hurbildu zitzaion Loraldiaren eta Euskaltzaindiaren enkarguarekin. Dantzaz kontatu behar zuten hizkuntzaren historia. Dantza eta euskara lotzeak eragin zion Payari, berehala. Bazeukan zer kontatu.

Bazekien jakin erronka izango zela berarentzat, hitzaren artetik datorren batentzat, arte performatiborako gidoia egitea. «Nola kontatu gorputzaren bidez hitzezko kontu bat? zelan egin euskararen eta hizkuntza ororen kontakizun unibertsala?». Soinekoa prestatzeari ekin zion. Eta Aukeran dantza konpainiari argi adierazi zion, beraiek jantzi beharrekoa zela, moztu edo konponketak egitea beraien esku –eta hanka– zegoela. Gidoilariak haria josi zuen, sujerentziak arkatzez markatu, dantzak eta jauziak proposatu; eta Aukeran dantza konpainiak eskainiko duen “Biz Hitza” emankizuna sortuko da gidoiaren abiapuntutik.

Gidoi horren gainean egin zuen lana Aitor Etxebarria musikari garaikideak ere. Etxebarriak kontatu zuenez, «prozesu sortzaile osoa atsegina izan da». Familia dantzaria eta dantzazalea izan baduen arren, berak orain arte ez du dantza tradizionala gertutik jarraitu. «Sustraietara joan eta alde garaikidea ekartzeko aukera izan dut», aitortu zuen, «liburuak irakurri, amagaz berba egin, doinuak ezagutu eta erritmoak berreskuratu ditut», ohartarazi zuen, baina «alde basatienera eroan ditut, estetika garaikidea eman diet dantzaren erritmoei», baieztatu zuen.

Hamar abesti konposatu ditu, dantza erritmoetatik abiatu da. Abestiok zuzenean joko ditu taula gainean, bost dantzariek bere gorputzarekin euskara batuaren historia kontatu dezaten.

Euskalkien koloreak

Izango al du hitzak lekurik historia honetan? Eta berehala baieztatu zuen Payak ertz hori. Lapurtera, bizkaiera, Sakanako euskara edo Arabako euskara, nahiz gipuzkerazko berbak adituko ditugu ikuskizunean. Eta kolorea izango du euskalki bakoitzak, zein kolore izango ziren aitortu ez bazuen ere. «Euskara batua izan da euskaldunok XX. mendean izan dugun asmakizun handiena», bota zuen Payak baikor, «euskara batuak batu ditu euskaldunak, Euskal Herria batzeko prozesua da euskara batua, gizarte kohesiorako tresna linguistiko arrakastatsua» gaineratu zuen.

Eta desio bat ere agertu zuen: «deitu zuen lagun guztiei, euskaldunak eta ez-euskaldunak ere bai, obra hau unibertsala da, eta gonbidatu ikustera».