Maite Ubiria

Sasitza erretzeko debekua luzatu dute Ipar Euskal Herrian

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak, Eric Spitzek, ondoko gauerdi bitartean luzatu du sasitza erretzeko debekua. Azken hamabost egunetan 700 bat hektareatik goiti erre dira Ipar Euskal Herrian. Lur erretze gehienak baimenarekin burutu arren, horietatik askok, kontrolik gabe gelditu ostean, suteak eragin dituzte. 15 lagunen aurkako prozedura judizialak zabaldu dituzte.

Sara inguruko mendietan suak kalte handiak eragin zituen.
Sara inguruko mendietan suak kalte handiak eragin zituen.

Sara eta Baigorri artean 500 ha erre ondoren, joan zen asteburuan Bidarrain, Hauzen edo Ziburun sute txikiagoak izan ziren. Izan ere, kalte handienak Zuberoan izan ziren. 350 hektarea erre ziren bertan eta Ligi-Athereinen, esaterako, bi etxe hustu behar izan zituzten.

Lur erretze gehienak segurtasun arauen barnean egiten direnez aspaldiko ohitura hori defendatzen dute hainbat eragilek, hala nola ELB sindikatuak. Sasiak neguan erre ondoren udaberrian abereendako belarra hobeago ateratzen dela argudiatuz jarduera horren onurak nabarmendu dituzte laborarien sindikatuak.

Izan ere, eguraldiak asko baldintzatzen du jarduera hori eta Su Aski kolektiboak azaldu duenez, garai bateko eskarmentua galduz joan den heinean, arriskuak gero eta handiagoak dira.

«Garaian, suaren zaintza kolektiboa hartzen zuten auzoek, oraingoan, ordea, askotan horrelako bermerik ez da», gehitu du taldeak. Laborariek eta batez ere artzainek sasi erreketa orain arte egin den bezala burutu behar dela aldarrikatzen duten bitartean, Su Askik argi du «azken asteotan izan diren suek ez dutela zer ikusirik sastraka erreketarekin».

Azkeneko iritzi horrekin bat dator Oihanetako Bulegoan (ONF) jarduten duen Antoine Oberl. Bere ustez sute hauek ez dira lur erretze arruntak. «Edo pertsona jakin batzuk sortu dituzte, edo jakinarazi gabe segurtasun arauak bete ez dituzten laborariak izan dira», adierazi du.

900 suhiltzale inguru

Joan zen otsailaren 21az geroztik 900 bat suhiltzaile aritu dira suteak itzaltzeko lanetan. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak hamabost lagunen aurkako prozedura judiziala zabaldu dela jakitera eman zuen atzo. Bere kalkuluen arabera, 600 bat sasi erreketek derrigorrezko baimena izan arren une batean edo bestean kontrolik gabe gelditu dira, suteak eraginez.

Azkeneko hamabost egunetan 700 bat hektara galdu dira. Bilana behin-behinekoa da. Tenperatura altuek eta haize bola azkarrek sua zabaltzeko arriskua areagotzen dutenez, gaur gauerdirarte luzatu du Prefeturak sasia erretzeari ezarritako debekua.