Asier ROBLES
BILBO

Borroka feministak Bilboko kaleak hartu ditu berriro

Milaka emakume batu dira gaur Bilboko mobilizazio feministara. Goiz goizean hasi dira ekimenak Bilboko hainbat lekuetatik, eta 12.00etan hasi den manifestazioarekin kolore moreak guztiz hartu du Bilbo. Arratsaldean, feminismoak, berriro ere, indar erakustaldi ikaragarria egin du manifestazio masiboarekin.

Greba feminista goiz hasi da, 7.00etan San Mameseko eta Juan Garai kaleko sarbideak moztu dituztenean. Handik abiatu dira pikete informatiboak, eta 9.00etan elkarretaratze bat egin dute Bizkaiko Aldundiko egoitzaren aurrean, «grebarekin edo greba gabe, zaintza ez da gelditzen» lelopean.

Aldi berean kalejira, kazeroladak eta piketeak egon dira Bilboko hainbat azotan. Aipatzekoa da Alde Zaharreko giroa, non kalejira bat baino gehiago egon den eguna berotzen. 10.00etatik 11.00etara hamaiketakoa hartzeko unea izan da Bilboko hainbat tokitan; modu horretan, energia berreskuratu dute eguerdiko manifestaziorako.

11.30ean Arriaga Plazatik ikasle zutabe bat abiatu da Jesusen Bihotzera Bilboko Don Diego Lopez Haroko Kale Nagusitik igaroz. Sekulako giroa jarri dute, eta emakume dezente Jesusen Bihotzera hurbiltzen ari ziren norabide guztietatik.

12.00ak pasata hasi da manifestazioa Jesusen Bihotzetik. Kolore moreak Bilbo hartu du, eta giro aldarrikatzailea nagusitu da. «Gora borroka feminista» izan da gehien entzundako oihua, baina beste hainbat egon dira: «Zuek matxistak, zarete terroristak», «Alerta que camina la lucha feminista por las calles bilbainas», «patriarcado y capital, alianza criminal», «iraultza gu gara»... eta beste asko.

Manifestazioak Casilda Iturrizar parkea zeharkatu eta Pedro Arrupe Zubira abiatu dira. Hor Errekalde, Miribilla, Irala, San Adrian, Zorrotza, Indautxu, Deustu, San Inazio eta Uribarriko zutabeak itxaroten zeuden. Hortik aurrera, manifestazioa Bilboko itsasadarraren bi aldeetatik igaro da Udaletxera heldu arte.

Tartean, Zubizuri zubian beste zutabe batzuk batu dira manifestaziora. Bestalde, San Anton zubitik, Abusu, Alde Zaharra, Santutxu, Otxarkoaga, Bilbo Zaharra, Zabala eta San Frantziskoko zutabeak irten dira. Guztiak Udaletxean batu dira 13.00ak pasata. Udalaren datuen arabera, 30.000 pertsona egon dira eguerdiko mobilizazio guztietan.

Udaletxea emakumez gainezka zegoen, eta bukaerako ekitaldia hasi denean, oraindik jendea heltzen zegoen. Lehenik, Bilboko kaleak «berriro bete» direla nabarmendu du hitza hartu duen emakumeak, eta mobilizatu diren emakume guztiak zoriondu ditu. Ondoren Andaluziatik ekarritako bertso batzuk irakurri dituzte, Isabel Martin poetarenak hain zuzen ere.

Zaintza lanen «berrantolaketa sozialaren beharra» aldarrikatu dute antolatzaileek. «Horretarako, gizonak eta instituzioak haien erantzukizunak onartzeaz aparte, aldaketa estrukturalak behar ditugu, harreman pertsonal eta komunitarioetan, bikote ereduetan, egunerokotasuneko praktikan, produkzio ereduetan, politika publikoetan...», azaldu dute.

«Kapitalismoa ezin da berregin emakumeak menderatzen ez baditu, emakumeok planto egiten badugu, dena gelditzen da, beraz sistemarekiko haustura eragiteko gaude hemen, eta paktu sozial berri bat eskatzeko. Bizitzak erdigunean jarri nahi ditugu», adierazi dute.

«Gora emakume langileon borroka, gora borroka feminista», bukatu du esaten bozeramaileak, eta ondoren emakume batzuk Udaletxeko balkoira igo eta ‘sistema irauli. Bizitzak erdigunean’ leloa zuen pankarta bat zabaldu dute. Bukatzeko, ‘Zutik emakumeak’ abestu dute.

Bilbo osotik zehar zaintza gune anitz antolatu dira energiak berriro berreskuratzeko, eta bazkaldu ostean ekintzak jarraitu dute Bilbotik. 17.00etan elkarretaratze bat egon da atzerritarren bulegoan, non bulegoko paretak eta ate nagusia zigiluz eta kartelez bete dituzte. Bilboko erdialdeko kaleek berotzen hasi dira pixkanaka-pixkanaka, eta 18.00ak inguru auzoetatik hainbat zutabe atera dira Jesusen Bihotzera bidean.

Arratsaldeko mobilizazioa

19.00rak heldu baino lehen, Bilboko Kale Nagusia jendez gainezka zegoen, manifestazio buruan segurtasun tarte bat ipini behar izan da aurrera joan ahal izateko. Manifestazio osoan zehar adin guztietako emakumeak ikusi dira, baina batez ere, gazteen protagonismoa nabarmentzekoa izan da. Aipatzekoa da ere ibilbide osoan zehar ikusi diren kartel mordoak, esaldi aldarrikatzaile eta originalekin. Jendeak bere aldarrikapenak atera ditu kalera egun historiko honetan. Horretaz gain, pila bat abesti eta kontsigna oihukatu dituzte. Udaleko iturrien arabera, 50.000 pertsona hartu dute parte arratsaldeko manifestazio honetan.

20.30ak pasata heldu da manifestazioa Bilboko Udaletxera, eta bertan hainbat emakume hartu dute hitza abesti ezberdinak abestu ondoren. «Etxeko zaintzak ikusezin bihurtzen dira, izan ere kapitalismo patriarkalak familietan uzten du zaintza lanen inguruko erantzukizun guztia, zehazki emakumeengan. Zaintza antolaketa hau ez da bidezkoa. Zaintza lanak inoiz ez dira duinak beste pertsona batzuen eskubideak urratzen badituzte», hasi da azaltzen lehenengo hizlaria.

Ondoren, «bidezko» zaintza sistema baterantz joateko, «aldaketa erradikala» behar dela adierazi dute. «Aldaketa hori funtsezkoa da bizitzak erdigunean egon daitezen. Emakumeok ‘Aski da!’ esan dugu. Zaintza lanen antolaketa sozial klasista, matxista, kolonial eta arrazista gehiagorik ez!», bukatu du esaten hizlariak.

Gero pentsionisten mugimenduko emakume batzuek hartu dute hitza, eta mobilizazio feministei elkartasun osoa adierazi ondoren, «sistema heteropatriarkalaren kontrako borroka, pentsionisten borroka ere dela» nabarmendu dute.

Gazteek eta emakume atzerritar batzuek hitz egin ondoren, beste hizlari batek «elkarrekin ahalduntzea» feminismoaren arrakastaren oinarria izan dela nabarmendu du. Ondoren nazioarte mailako mobilizazio izan dela gogoratuz, iraultza feminista, «internazionalista» izango dela adierazi du.

«Gaur, historiako kapitulu bat idatzi dugu, eta ez digute protagonismoa kenduko. Mundua aldatzera goaz. Gora Borroka feminista!, bukatu du esaten beste hizlari batek.

Azkenik, ‘Zutik Emakumea’ abestu dute mobilizazioa ixteko.