NAIZ

«Cambio-Aldaketa», Nafarroako aldaketaren indarren zerrenda bateratua Senatura

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak Senaturako zerrenda bateratua osatuko dutela iragarri dute gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

Adierazpena irakurri duten alderdietako ordezkariak (Jon URBE/FOKU)
Adierazpena irakurri duten alderdietako ordezkariak (Jon URBE/FOKU)

Geroa Baiko Koldo Martinez eta Itziar Gomez, EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Miren Aranoa, Ahal Dugu-Podemoseko Ainhoa Aznarez eta Mikel Buil eta Izquierda-Ezkerrako Iñaki Bernalek adierazpen bat publiko egin dute, «azken lau urteotan egin bezala, Nafarroa solidarioa, plurala eta irekia babesteko pauso bat emateko erabakia» azalduz.

Hautagaitza bateratuaren helburua «Senatua herritarrei eskubideak ukatzeko tresna gisa erabiltzearen kontrako Nafarroako gehiengoaren posizioa» adieraztea da, baita Nafarroako «elkarrizketaren eta ezberdinen arteko akordioen, pluraltasunaren eta gatazken erresoluzio baketsua eta elkarrizketatuaren eredua» plazaratzea ere.

Aldaketaren alderdiek adierazi dute azken urteotan espainiar Estatuko garapen politikoak bere konfigurazioa eta Estatua osatzen duten herri eta nazio ezberdinekiko harremana ulertzeko era ezberdinak azaleratu dituela.

«Iragan ilunenera bueltatu nahi duen» aukerari buruz aritu dira, UPN, PP, Ciudadanos eta Vox-i erreferentzia eginez. Aukera honek «sentsibilitate ezberdinen existentzia ukatu eta eskuduntzen rezentralizazioa planteatzen du, autogobernua deseginez, baita autonomi estatutuen garapena ere, Estatuari desleialtasunaren aitzakipean».

Gogor kritikatu dute irtenbide elkarrizketatuari uko egin eta 155. artikuloaren aplikazioa bere egin izana irtenbide autoritarioak inposatzeko, «bai Katalunian baita beste lurralde batzuetan ere». «De facto, autogobernuaren eta Autonomien Estatuaren desagerpena inplikatzen du».

Era berean, lau alderdiek PSN gogor kritikatu dute: «politika austerizida eta eskubide murriztaileetan eta elkarrizketari uko egiten dioten politiketan aktiboki parte hartu du». Besteak beste, PSOEri leporatu diote 155. artikuloaren aplikazioa babestu izana eta egun hainbat eskuduntza transferitzeari uko egin izana.