naiz

Bulkada Egunak piztu dira herriz herri, Lemoan egingo den Gazte Topaguneari begira

Ezker Abertzaleko gazte mugimenduan aritutako belaunaldi ezberdinetako militanteak elkartu dira herriz herri Ernaik eta Aitzinak antolatutako Bulkada Egunean.

Atarrabian egindako argazkia, Iruñerriko Bulkada Egunean (@ernai_irunerria)
Atarrabian egindako argazkia, Iruñerriko Bulkada Egunean (@ernai_irunerria)

Apirilaren 19tik 22ra «Askatasun bulkadak independentziara!» aldarripean Lemoan ospatuko den Gazte Topagunera begira, Bulkada Egunak egiten ari dira herriz herri, Ernaik eta Aitzinak antolatuta. Iragan asteburuan piztu ziren borroka eta festa hainbat herrietan, eta asteburuon ere Ezker Abertzaleko belaunaldi ezberdinetako militante ugari elkartu dira; Sestaon, Gasteizen, Ondarroan, Laudion edo Iruñerrian, kasurako.

Lemoako ekitaldia berotzeko, bazkariak, hitzaldiak, kontzertuak, bertsoak eta beste hainbat ekitaldi egin dituzte herri desberdinetan, eta datozen bi asteburuetan ere Bulkada Egunaren dinamikarekin jarraituko dute.

Jarrai antolakundearen sorreraren 40. urteurrena da aurten, eta data hori baliatu asmo du Ezker Abertzaleko gazte mugimentuak iraganean militante izandakoak, egun direnak eta gerora ere arituko direnak elkartzeko. Apirilaren 19, 20, 21 eta 22an Lemoan elkartuko dira, eta «gazte topagune erraldoi bat» izatea espero dute. Egitarau oparoa osatu dute egun horietarako.

Gaur, 21.00etatik aurrera, Gazte Topagunearen bideoklipa ikusgai egongo da NAIZen.