NAIZ
Bilbo

Klika egiteko deia zabaldu dute Bilboko aurkezpen sozialean

Zazpi egun geratzen dira soilik apirilaren 4tik 14ra euskararen lekukoa eta aldarria Euskal Herriko bazter guztietara eramateko; eta egitasmoari ongietorria egiteko, aurkezpen soziala izan da Bilbon.

Korrikaren aurkezpena.
Korrikaren aurkezpena.

Azarotik ari dira 21. Korrika herriz herri aurkezten, eta dagoeneko jakitera eman dituzte lasterketaren xehetasun guztiak. Zazpi egun geratzen dira soilik apirilaren 4tik 14ra euskararen lekukoa eta aldarria Euskal Herriko bazter guztietara eramateko; eta mugarria ospatu eta egitasmoari ongietorria egiteko, aurkezpen soziala izan da gaur arratsaldean Bilbon.

Ekitaldia BBK aretoan egin dute. Bertan izan dira Asier Amondo 21. Korrikako arduraduna eta Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideekin batera. Ehun gonbidatutik gora izan dituzte: euskalgintzakoak, hedabideetakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, sindikalgintzakoak, eragile sozialak eta hamarka lagun gehiago.

Ekitaldi xumea izan da, 21. Korrika Garesetik abiatzeko astebete eskas falta denean. Oholtzan, Mugikak aipatu duenez, «euskararen normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan, modu transbertsalean txertatuta».

Amondok gaineratu du klika dela «hautua egitea, euskararen aldeko hautua, konpromisoa». Euskararen egoerak baduela zer hobetua ekarri zuen gogora eta. Beraz, «gero eta beharrezkoagoa da klika egitea».

Ane Zabala kazetari eta aktorea aritu da aurkezpen lanetan, eta Kimu txalaparta taldearen eta Ane Artetxe arpistaren parte-hartzea ere izan da.

Gonbidatuak

Gonbidatuen artean izan dira Topagunea, EHU, EH Bildu, EAJ, EITB, 'Berria', Bai Euskarari Ziurtagiria, Emakunde, Kontseilua, Mondragon Unibertsitatea, Bilboko Udala, Azkue fundazioa, Bilboko Konpartsak, Athletic, UEMA eta Bertsozale Elkartea, besteak beste.