NAIZ
Donostia

Bihar goizaldean ordubete aurreratuko dira erlojuak

Bihar goizeko ordu bietan hirurak izanen dira Europa osoan. Hala jarriko da martxan udako ordutegia. Printzipioz gehiago ordurik ez aldatzea erabaki zen, baina Batzordearekin egon den akordio faltak neurri hori 2021 arte atzeratzera eraman du Europako Parlamentua.

Goizeko ordu bietan hirurak izanen dira. [Jagoba MANTEROLA/FOKU]
Goizeko ordu bietan hirurak izanen dira. [Jagoba MANTEROLA/FOKU]

Beranduago argitu eta beranduago ilunduko du bihartik aitzinera, eta ordubete gutxiago izanen dugu lotarako edo parrandarako, goizeko ordu bietan hirurak izanen baitira. Hala gertatuko da Europa osoan: udako ordutegia ezarriko da.

Berez jada aldaketarik ez egitea erabaki zuen Europako Batzordeak iaz, baina adostasunik lortu ez denez, Europako Parlamentuak 2021ra arte luzatu du neurria. Parlamentuak Europar Batasuneko estatuei eskatu die 2021etik aurrera ordua gehiago ez aldatzea eta bakoitzak udako edo neguko ordutegia nahiago duen aukeratzea.