NAIZ
Gasteiz

Iñaki Ruiz de Pinedo: «Gaurko Arabak ez du zer ikusirik 36koarekin»

Duela 82 urte Azazetako mendatean fusilatu zituzten 16 lagunak omendu ditu gaur EH Bilduk, atzo Elkarrekin Podemos, Equo Berdeak eta Ezker Anitzak egin zuten bezala. Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, Durangoko bonbardaketa oroitzeko ekitaldian parte hartu du.

EH Bilduk Azazetan fusilatutako hamasei lagunei egindako omenaldia. [EH BILDU]
EH Bilduk Azazetan fusilatutako hamasei lagunei egindako omenaldia. [EH BILDU]

EH Bilduk orain dela 82 urte Azazetan hil zituzten 16 pertsonak omendu ditu. Santa Barbara plazan egin du ekitaldia, bertan egon baitzen Gasteizko espetxea. 1937ko martxoaren 31n 16 preso politiko atera zituzten ziegetatik, tartean Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkatea. Azazetako mendatera eraman eta falangista, errekete eta guardia zibilek osatutako eskuadroi batek fusilatu zituen.

Gaurko ekitaldian Madrilgo Kongresurako EH Bilduren hautagaiak hartu du hitza, Iñaki Ruiz de Pinedok, urte batzuk geroago espetxe berean preso egon zenak. Hala azpimarratu du: «82 urte geroago 1936ko Falange, CEDA eta Comunión Tradicionalista PP, Ciudadanos eta VOX deitzen dira. Kontra-erreformako indarrak berriz ere elkartu dira. Eurak berdinak dira, bai, baina gaurko Arabak ez du zer ikusirik 36koarekin».

Ruiz de Pinedoren arabera, oraingoan ez dira gailenduko: «EH Bilduk diputatu bat lortzeko babesa izanez gero, kontra-erreformako indarrek ez dute Araban ordezkaritzarik lortuko».

Atzo Elkarrekin Podemos, Equo Berdeak eta Ezker Anitzak ere Azazetako fusilatuak izan zituzten gogoan, Gasteizko Aldundiaren atzealdean egindako omenaldian. Demokrazia eta jendarte justuago bat defendatzeagatik frankismoan errepresaliatutako milioika lagunak oroitu zituzten.

Iñigo Urkullu, Durangon

Bestalde, Durangon, Iñigo Urkullu lehendakariak bertako bonbardaketaren 82. urteurreneko ekitaldian parte hartu du gaur, Aitziber Irigoras alkatearekin batera. Ondoan izan dituzte Bizkaiko ahaldun nagusia, Unai Rementeria; Itxaso Atutxa Bizkaiko EAJko presidentea eta Idoia Mendia PSEko presidentea. Inguruko alkateak, bonbardaketatik bizirik atera ziren lagun batzuk eta senideak ere han egon dira.

Urkulluk ez du hitzik hartu baina lore eskaintzari hasiera eman dio. Irigorasek, egia eta justizia berriro ezartzeko beharra nabarmendu du.