Prest dago Gares Korrikaren 21. edizioaren hasiera hartzeko. Ostegunean, goizetik egongo dira hainbat ekimen, euskararen aldeko lasterketa 17:00etan abiatu aurretik. Ginkanak, joaldunak, kale animazioa, antzerkia eta indarrak hartzeko herri bazkaria ere ez da faltako.
Mezua lekuko barnean sartuta, lehen kilometroa Izarbeibar eta Mañeru ibarretako herri bakoitzeko lagun banak eginen du: 16 herri guztira, 16 lagun. "16 lagun horien bidez, lehen kilometro horrek islatuko du alde batetik euskaraz bizitzeko kemena; eta bestetik Izarbeibarren euskarak tinko aurrera egiteko Korrikak hauspo izan nahi duela", azaldu dute antolatzaileek gaur goizean egindako aurkezpenean.
Gareseko herritarrek eta Herriko Etxeak hilabeteetan egindako lana eskertu dute. "Hilabeteetako lana izan da, auzolan erraldoia, elkarlan handia burututa, eta ostegunerako Gares prest izanen da hasierara etorriko diren herritar andanari behar bezalako harrera egiteko".
Nafar herrian hasi eta 14an amaituko da Gasteizen. Bidean, Euskal Herriko herri eta hiriak gurutzatuko ditu. Lehen hiriburua Iruñea izanen da, hilaren 6an, larunbatarekin. Igandean Ipar Euskal Herria gurutzatuko du. Apirilaren 11n egonen da Bilbon, 12an Donostian eta arabar hiriburuan bururatuko da.