NAIZ
DONOSTIA

Aitzol Gogorzaren etxeratzea lortzeko Errenterian egin duten lanketa txalotu du Sarek

Duen gaixotasun larria etxean artatua izan dadin Aitzol Gogorza presoak jaso duen baldintzapeko askatasuna positiboki baloratu du Sarek eta nabarmendu du hura lortzeko Errenteriako herritarrek, eragileek eta erakundeek egin duten lanketak izan duen garrantzia. 

Gogorzaren etxeratzearen alde 2017ko uztailean Errenterian osatutako mosaiko bat. (Gorka RUBIO/FOKU)
Gogorzaren etxeratzearen alde 2017ko uztailean Errenterian osatutako mosaiko bat. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ohar baten bitartez, Sare Herritarrak gogoratu du Aitzol Gogorzak ia 20 urte daramatzala espetxean eta, gaur jakin denez, espetxealdi arinduan bere etxean jasoko duela daukan gaixotasun larriari aurre egiteko dagokion tratamendua. 

Baldintzapeko askatasuna emateko erabakia modu positiboan baloratzearekin batera, Sarek nabarmendu nahi izan du «berau, Oreretako herrian eginiko lanketari esker lortu dela, bereziki herritarrek, eragileek eta instituzioek, Aitzolen gaixotasunaren berri izan orduko eginiko lanari esker». 

«Erakutsitako aktibazio eta konpromisoak eman dion bultzada ezinbestekoa izan da Aitzolen etxeratzea lortzeko», gaineratu dute. 

Era berean, Sarek gogoratu du «oraindik beste 20 euskal preso daudela gaixotasun larriekin espetxean, baldintza gogorren pean gaixotasunari aurre egiten, eta horiek ere euren gaixotasuna baldintza egoki eta duinetan, berandu baino lehen artatuak izan daitezen lanean jarraitu beharra dagoela». 

Horregatik, herritarrei dei egin diete apirilaren 7an, Nazioarteko Osasunaren Egunean, herrietako zubiak gaixo larrien etxeratzearen alde bete ditzaten. 

EH Bilduren oharra

EH Bilduk ere, beste ohar baten bitartez, ontzat eman du Aitzol Gogorza etxeratzeko erabakia. Errenteriako presoaren egoeran dauden gainerako preso guztiei ere irizpide bera aplikatzeko eskatu du Julen Arzuaga legebiltzarkideak.