NAIZ

Hamalau urteko espetxealdiaren ostean, etxerako bidean da Mikel Orbegozo donostiarra

Mikel Orbegozo Etxarri donostiarra aske gelditu da gaur goizean, Valladolideko espetxetik, ezarri zioten zigorra guztiz agorturik. Bertara hurbildu dira senide eta lagunak, etxerako bueltan laguntzeko.

Mikel Orbegozo (presoen ikurra eskuetan), Valladolideko espetxetik atera ondoren (Etxerat Twitter).
Mikel Orbegozo (presoen ikurra eskuetan), Valladolideko espetxetik atera ondoren (Etxerat Twitter).

Mikel Orbegozok hamalau urteko espetxealdia amaitu du gaur goizean eta Donostirako bideari ekin dio senide eta lagunen laguntzarekin. 2005. urtean atxilotua izan zen Valentzian, Sara Majarenasekin batera, ETAko kide izatea egotzita.

Bost eguneko inkomunikazioaldiaren ostean, torturak salatu zituzten biek (Majarenasen kasuan, Entzutegi Konstituzionalak agindu zuen ikertzea, bere babes helegiteari baietz emanez). Hala ere, tortura horiek zigortu gabe gelditu dira, eta Majarenas eta Orbegozo, aldiz, kartzelaratuak izan ziren, iazko apirila arte Majarenasen kasuan eta gaur arte Orbegozori dagokionez.

Badajozen preso eman ditu azken urte hauek Orbegozok. Espainiar Gobernuak espetxe politika berria iragarri ondoren, iazko udazkenean zertxobait hurbildu zuten, Badajozetik Valladolidera. Bertan, etxetik 400 kilometro ingurura, pasa du azken urte erdi hau.

Badajozen zegoela, Kepa del Hoyo galdakoztarraren ziegakidea zen Mikel Orbegozo. Bihotzekoa emanda, 2017ko uztailaren 31ean hil zen Del Hoyo, eta Orbegozok sentimenduz beteriko gutuna helarazi zuen, Galdakaon eginiko agur ekitaldian irakurri zena.

Valladolidera hurbildutako guztiekin argazkian bildu da Mikel Orbegozok, etxeruntz abiatu aurretik (Intxaurrondokoa da). Euskal presoak Euskal Herriratzeko ikurrari eusten dio irudian.