NAIZ

Polizia frantsesak «kontrol arrazistak eta itzulketa ilegalak» egiten jarraitzen duela salatu dute

Ohar baten bitartez, Irungo Harrera Sareak ikusgai jarri du Polizia frantsesak «kontrol arrazistak eta itzulketa ilegalak» egiten jarraitzen duela Europar Batasuneko Auzitegiak epaia eman ondoren ere.

Irungo Harrera Sareak, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren ondoren ere, «itzulketa ilegalek jarraitu egiten dutela» salatu du. Zentzu horretan, adin txikikoen eta turisten itzulketak nabarmendu ditu. Harrera Sareak dokumentatzen duen kasuetako bat Abdelena da, adin txikikoa da eta benetan 16 urte dituela egiaztatzen duen agiria dauka. Abdel Afrika beltzetik dator eta espainiar Estatura iritsi zenean adin nagusiko bezala erregistratu zuten, nahiz eta jaiotza agiria eduki eta bertan jarri 16 urte dituela.

Duela bi aste iritsi zen Irunera eta Martindozenean bi egun igaro ondoren, Baionara iritsi zen, han Pausan, migratzaileentzako aterpetxean lo eginez. Handik Toulouserako bidea hartu zuen eta Pau inguruan zegoenean, poliziaren kontrol batean gelditu eta dokumentazio formala ez zeukanez, komisaldegira eraman zuten. Abdelek esan zien adin txikikoa zela. Baina poliziak, Schengen lurraldeko sarreren europar datu basean kontsultatu eta ikusi zuen polizia espainiarrak adin nagusiko bezala erregistratu zuela. Beraz, Somportera, polizia espainiarrak mugan daukan komisaldegira itzuli zuten eta polizia espainiarrak handik Jacara eraman zuen eta kalean utzi. Horren ostean, Irunera itzuli zen eta berriz Baionara.

Honen aurrean, Harrera Sareak «kontrol arrazista eta itzulketa ilegala» salatu ditu. «Zoritxarrez, ez da salbuespen bat. Horrelako jokaerak behin eta berriro errepikatzen dituzte mugaren bi aldeetako poliziek», azpimarratu dute.

Bestetik, Portugalera iritsi zen brasildar turista baten kasua aipatu dute. Lisboatik Pariserako tren txartela erosi zuen, Hendaian polizia frantsesak identifikatu eta Irunera itzuli zuen, nahiz eta pasaportea indarrean eduki eta ez zituen gainditu legeak Schengen espazioan turistentzako legeak ezarritako 90 egunak. «san brasildar hiritarra beltza dela. Beraz, argi eta ozen esan behar da kontrol arrazista izan zela eta itzulketa ilegala».